Belaunaldien arteko harremanak lantzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du Buztintegik
Herri osora zabaldutako joko txapelketak eta sukaldaritza lehiaketa errepikatuko dituzten aurten, iazko arrakasta ikusita.
Belaunaldien arteko harremanak lantzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen jubilatuen eta pentsiodunen Buztintegi elkarteak atzoko batzar orokorrean. Urte honetarako prestatutako jarduera egitarauan jaso dute konpromiso hori, iaz herri osora zabaldutako joko txapelketekin hasitako bideari jarraipena emanez. Aurten ere izango dira belaunaldien arteko txapelketa horiek, baita sukaldaritza lehiaketa ere.
Gizarte Zentroan egin zuten urteko ohiko batzarra, eta iazko diru kontuen onarpenarekin eta ekitaldien balantzearekin hasi zuten. Balantze horretan aparteko aipamena egin zieten belaunaldien arteko jokoei eta patata-tortilla lehiaketari, oso arrakastatsuak izan zirelako. Elkartean 25. urteurren atzeratuaren inguruan antolatutako ekitaldiak ere aipatu zituzten, hitzaldiak eta ikus-entzunezkoen emanaldiak bereziki, baita margo erakusketa ere. Bestela, ohiko jarduera berreskuratu izana eta bazkideen partaidetza handia nabarmendu zituzten.
Aurten, txapelketak eta gehiago
Aurtengo martxari dagokionez, zentroan eskaintzen diren ikastaroetan aldaketak egin direla azaldu zuten. Hala, Felipe Trejok gidatzen duen dantza ikastaroak ordutegia zabaldu du, eta hemendik aurrera astelehen arratsaldeetan ere izango da, 17:00etatik 18:00etara. Bestetik, bingoa ere hasita dago, eta ostegunetan izango da , 17:00etatik 19:00etara.
Txapelketen atalean, mahaiko eta mugimenduzko joko txapelketak berriz ere herri osora zabalduta egingo dora, belaunaldi desberdinen partaidetza bilatuz. Apirilaren 17an hasiko dira, eta finalak eta sari banaketa ekitaldia apirilaren 30ean egingo dira, Santikutz jaien barruan. Belaunaldien arteko sukaldaritza lehiaketak, berriz, bigarren edizioa izango du aurten, eta ekainaren amaieran egingo da.
Bidaiak ere ez dira faltako. Hasteko, hil honen amaieran Lierganeseko (Kantabria, Espainia) bainuetxera joango dira, eta ekainaren 4tik 9ra bitartean, ibilaldia egingo dute Gaztela-Mantxan (Espainia). Soriara ere joango dira irailean, eta azaroaren hasieran Iratxeko (Nafarroa) txango klasikoa egingo dute.
Zuzendaritza taldea, aldaketarik gabe
Hori guztia kudeatzeko, azken urteetako zuzendaritza talde berberak jarraituko du lanean. Atzoko batzarrean kideak aldatzeko aukera izan zuten bazkideek, baina oraingo taldeari babes osoa eman zioten. Hau da taldearen osaketa: Iñigo Alberdi, Javier Fraile, Juan Jose Zubillaga, Asun Arrizabalaga, Maria Jesus Abanda, Jose Miguel Galparsoro, Juan Francisco Valbuena, Maria Pilar Badiola, Bernardino Paredes eta Jose Antonio Zeberio.