Inoiz izan duen partaidetza handienarekin jokatuko da igandean 25. Gabiria-Legazpi rally-sprinta
Proban 82 taldek parte hartuko dute, tartean hainbat goierritarrek. Automobilismoaren festa 09:00etan hasiko da Legazpiko plazan, autoen lehen pasea 14:00etan izango da, eta sari banaketa, 20:00etan, Legazpin berriz ere.
Igandean, martxoak 5, jokatuko da Gabiria-Legazpi rally-sprintaren 25. edizioa, eta urteurren garrantzitsu horretan partaidetza marka hautsi da. Guztira 82 taldek parte hartuko dute, inoiz baino gehiago. Atzo iluntzean aurkeztu zuten Legazpiko udaletxean Euskadiko automobilismo denboraldiari hasiera emango dion proba hau.
Aurkezpenean, probaren hasieratik laguntzaile izan den Lontxo Ormazabal, Euskadiko federazioko lehendakari Angel Gurrutxaga, Gipuzkoako federazioko lehendakari Iñigo Cuesta, Lagunartea eskuderia antolatzaileko Jorge del Cid, Gabiriako alkate Oier Oiarbide eta Legazpiko kirol zinegotzi Iñigo Imaz izan ziren. Proban parte hartuko duten Jon Etxeberria pilotua eta Nerea Campos kopilotua ere izan ziren, biak legazpiarrak.
Guztien artean rally-sprintaren hasierak eta 25 urteko ibilbidea gogoratu eta errepasatu zuten. Gabirian auto-kros bat egitea izan zen hasierako asmoa Ormazabalek gogoratu zuenez, baina azkenean, Legazpirainoko bidea aproposa ikusita, “zerbait potologoa” egitea erabaki zuten, “bost-bat edizio egiteko asmoarekin”, eta horrela, gaur arte.
Antolakuntza lanetan Lagunartea eskuderia egon da hasieratik, baina Del Cidek adierazi zuenez, laguntzaileei, babesleei, erakunde publikoei eta federazioei esker bete ditu 25 urte probak. Federazioen aldetik, berriz, antolatzaileek egiten duten lana nabarmendu zuten, rally-sprint hau egutegiko proba garrantzitsu bat eta zaletu asko elkartzen dituena bihurtu dutelako.
Bi udaletako ordezkariak ere pozik daude probarekin. Legazpiarrentzat “egun berezia” izaten dela esan zuen Imazek, eta goiz eta arratsaldez giro bikaina egoten dela herrian. Rally-sprinta Gabiria ezagutzera emateko balio izan duela esan zuen bere aldetik Oiarbidek, eta antolatzaileek egiten duten lana eskertu zuen.
Goierritarrak faboritoen artean
Gabiria eta Legazpi arteko rally-sprinta Korta eta Motxorro artean egingo da berriz ere, 6 kilometrotik gorako zirkuituan. Partaideak 82 dira guztira, eta horien artean hainbat goierritar daude: Alberto Marcos (Maialen Guridi kopilotuarekin) zumarragarra, Xabier Mujika (Miriam Iztueta) urretxuarra, Iker Arizti (Maialen Iarza), Jon Etxeberria (Nerea Campos) legazpiarrak, Jokin Madina (Nagore Hidalgo) legazpiar-zeraindarrak, Iñigo Alustiza (Joseba Berasategi) legazpiar-gabiriarra eta Xabat Goikoetxea (Mikel Aranburu) gabiriarra.
Marcos, Alustiza eta Etxeberria faboritoen artean daude, bakoitza bere kategorian. Proba irabazteko faborito gehiago ere badaude, antolatzaileen arabera: IOkin Agirre eta Arantzazu Araneta, Gurutz Agirretxe eta Mikel Labaka, Aitzol Apalantza eta Jon Zozaya, Ivan Muñoz eta Ibai Ajuriagoikoa, Gorka Antxustegi eta Alain Altzibar eta Roland Holke eta Erik Fuente.
Motor festa, goizetik
Legazpin hasiko da rally-sprintaren inguruan ospatuko den motor festa 09:00etan, plazan. Bertan egingo dituzte egiaztapen administratiboak eta teknikoak. Asistentzia gunea Ezkioko Anduaga industrialdean egongo da, eta autoak hara abiatuko dira 13:00etan. Segurtasun autoa 13:30ean igaroko da bidetik, eta probako lehen pasea 14:00etan izango da, 16:00etan bigarrena eta 17:50ean azkena. Sari banaketa 20:00etan izango da, Legazpin.
Segurtasun neurriak betetzea, aparkatzeko guneak errespetatzea eta, batez ere, gozatzea eskatu zuten aurkezpenean parte hartu zuten guztien artean.