Jon Etxeberria eta Nerea Campos, bi legazpiar Mitsubishi EVO batean
Pilotu eta kopilotu legazpiar hauek osatutako taldea Gabiria-Legazpi rally-sprinterako faboritoen artean sartu dute antolatzaileek.
Jon Etxeberria pilotua eta Nerea Campos kopilotua, biak legazpiarrak, 82 partaideen artean izango dira igandean Gabiria eta Legazpi arteko rally-sprintean, Mitsubishi EVO VI batekin. Faboritoen artean sartu dituzte antolatzaileek.
Etxeberria aspaldiko ezaguna da rally-sprint honetan. Lehen edizioan parte hartu zuen, eta gero beste hainbat urtetan ere bai. Lehen lasterketa hartan Madrildik ekarritako Hyunday Accent batekin parte hartu zuen. «Trenez joan nintzen kotxearen bila, eta martxan ekarri nuen handik», gogoratu du, baita zirkuituko bidea zikina zegoela ere.
Orduz gero, «gauzak asko aldatu dira» mundu honetan Etxeberriaren ustez, kotxeak, errepidea bera eta pilotuak eta kopilotuak ere bai, «profesionalizatu egin gara pixka bat».
Igandeko probari begira, «pozik» dago partaide asko izango direlako, eta euria nahiago duela aurreratu du. Bestela, aukerak ikusten baditu, «aurrera» egingo duela dio, eta bestela, «disfrutatu eta listo». Nerea Campos alboan izatea ere «berezia» dela esan du, biak legazpiarrak direlako.
Campos bera ere gustura dago lasterketa honetarako osatu duten bikotearekin. Gabiria-Legazpin parte hartuko duen bigarren aldia izango da. Lehena iaz izan zen, Gorka Idigorasekin, eta hirugarren geratu ziren sailkapen nagusian. Emaitza haren ondoren, aurten ere podiuma zapaltzea da helburua. Honako hau lasterketa «berezia» dela dio kopilotu gazteak, bera jaio aurretik egiten hasi zelako, eta beti ezagutu duelako. «Etxe ondoan» egiteak ere zentzu berezia ematen diola dio.