Martxoaren 3ko Gasteizko gertakariak gogoratzeko erakusketa eta zinekluba Legazpin
Hilaren 10era arte egongo da ikusgai 'Martxoak 3, ez dugu ahazten' erakusketa Kultur Etxean. Bihar 'Vitoria, 3 de marzo' dokumentala emango dute Latxartegin.
Gasteizko Zaramaga auzoko 1976ko martxoaren 3ko sarraskia eta haren ondorioz izandako bost hildakoak eta gainerako biktimak gogoratzeko aukera dago egun hauetan Legazpin Burdinola eta Zine Klub elkarteei esker.
Batetik, Martxoak 3, ez dugu ahazten izenburuko erakusketa jarri du ikusgai Burdinolak Kultur Etxean hilaren 10era arte. Bertan, egun haren aurrekarien, eguneko gertakarien eta ondorioen kronika ezagutzeko aukera eskaintzen da, argazkien eta informazio panelen bidez. Erakusketa joan den ostiralean, otsailak 24, inauguratu zuten, eta Burdinolako kide den Aitor Ibañez de Garatxanak aurkeztu zuen. Ibañez de Garatxanak gertutik ezagutu zituen martxoaren 3ko gertakariak, Zaramaga auzoan bertan bizi zelako orduan eta aita biktimetako bat izan zelako.
Bestetik, Zine Klub Legazpik eta Burdinolak elkarlanean, Vitoria, 3 de marzo dokumentalaren proiekzioa antolatu dute bihar ostiralerako. Latxartegi aretoan izango da, 19:00etan.