Urola ibaia garbitzeko diru laguntzez baliatzeko eskatu die Eguzkik Legazpiko, Zumarragako eta Urretxuko udalei
Foru Aldundiak hainbat laguntza kaleratu ditu udalei zuzenduta, ibaietako zaborren metaketa prebenitzeko eta zaborrak garbitzeko.
Eguzki erakunde ekologistak eskaera luzatu die Legazpiko, Zumarragako eta Urretxuko udalei, Urola ibaiko zaborrak kentzeko foru aldundiak kaleratutako diru laguntzak erabili ditzaten.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak ingurumenaren arloko politika aktiboak bizkortzeko eta areagotzeko bost diru laguntza lerro onartu dituela azaldu du. Lurraldean berreskurapen naturala areagotzeko eta ekosistemen suntsipena prebenitzeko konponbideak laguntzeko dira. Diru laguntza lerro horietako bat udal eta mankomunitateentzat da, ibai, kosta eta lehorreko inguruneetan sakabanatutako zaborren metaketa prebenitzen eta zuzentzen laguntzen duten jarduketak gauzatzeko. Hirugarren urtez jarraian emango ditu azken laguntza hauek aldundiak, aurten 125.000 euroko kopuruarekin.
Eguzkiren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak azkenik “izena jarri dio” hainbat hamarkadatan ibaietan eta erreketan gertatzen ari denari, eta erakunde ekologistak aspaldidanik salatzen duenari: “Ibaia ez dago zikina, gure zaborrekin kutsatuta baizik, eta kutsadura horren zati handi bat gure kostaldera eramaten dute bertako urek, horrek ondorio larriak eraginez ekosistemari, biodibertsitateari eta gure osasunari”.
Udalei zuzendutako eskariak
Foru laguntza horiek eskatzeko esan die Eguzkik Urretxuko eta Zumarragako udalei, eta enpresa espezializatu bat kontratatuta, Urola ibaia kutsatzen duten zaborrak kentzeko, Ertzaintzaren basetik hasita Zumarraga eta Azkoitia arteko mugaraino. Zazpi-bat kilometroko tarte horretan, 1,4 kilometro Zumarragakoak dira, eta gainerakoak bi udalerriek partekatzen dituzte.
Legazpiko Udalari, bestalde, Dia supermerkatuaren inguruan Urolako hondakinak kentzen hasteko eskatu dio, hau da, Zumarragarekin muga egiten duen puntutik hasita Brikola auzoraino, 7,2 kilometroko tartea.
Horiek neurri zuzentzaileak besterik ez direla dio Eguzkik, eta “arazoaren oinarrian jardun behar da nahitaez”, hau da, hondakinak ibaira ez iristeko behar diren prebentzio neurriak ezarri behar dira, eta Urola ibaiak duela hamarkada batzuetatik jasaten duen “eraso nagusietako bati” aurre egin: zuzeneko isurketei.