Ataun, lorategi more bihurtuta
Emakumeek ezin dituzte zaintza lan guztiak beren gain hartzen jarraitu nabarmendu dute, besteak beste. "Lore zapaldu eta isolatua izatetik lore sorta indartsua izatera igaro nahi dugu".
Elkarretaratzea jendetsua egin dute gaur arratsaldean Ataunen Zaintzarako eskubide kolektibo baten alde. Denon bizitzak erdigunean lemapean. Biboletak taldeak egin dute deialdia, eta loreen metafora erabiliz osatu dute aldarrikapen testua.
“Martxoaren 8a lorez josi dugu aurten. Gutako bakoitza lore baikara, elkarrekin lorategi, elkarrekin sorta. Loreak ez dira hazten, ordea, lur egokirik ez badute eta zaintzen ez badira. Loreak garela esan dugu, baina argi dugu bizi garen jendarte hau guretzako ez dela egokia, argi dugu ez gaituela behar bezala zaintzen. Haziko bagara, izango bagara, sistema aldatu egin behar da, aldatu egin behar dute”, nabarmendu dute.
Zaintza emakumeen gain gelditzen dela, lan baldintzak ez direla duinak, soldata arrakalarekin bukatu egin beharra dagoela, eta emakumeek ezin dutela isilduak eta erasotuak izaten jarraitu aldarrikatu dute. “Lore zapaldu eta isolatua izatetik lore sorta indartsua izatera igaro nahi dugu”.
Deitzaileek adierazi dute gaur iragarri den Greba Orokor Feministarekin bat egiten dutela, eta gaur bertan hasita lanketa egingo dute “denon bizitzak erdigunean” jartzeko prozesuan.
ARGAZKIAK: Iñaki Gurrutxaga