Denon bizitzak erdigunean
Goierriko Koordinadora Feministak mobilizazio nagusia Beasainen egin du iluntzean. Ordiziatik eta Lazkaotik bi zutabe iritsi dira. Jendetza elkartu da Beasaingo manifestazioan. "Denon bizitzak erdigunean" aldarrikatu dute.
Jendetza elkartu da gaur iluntzean Beasainen, Goierriko Koordinadora Feministak antolatutako Martxoaren 8ko mobilizazio bateratuan. Ordiziatik eta Lazkaotik bi zutabe iritsi dira Erauskin plazara eta Beasaingo kaleetan manifestazioa egin dute. “Gora zaintzaileen borroka”, “Bikoitza gure lana, erdia da soldata”, “Lan duina, bizitza duina”, “Gora borroka transfeminista”, “Ordaindu gabeko emakumeen zama”, “Denon bizitzak erdigunera”, “Gora emakumeen borroka”, “Zaintza lana denon lana” eta “Martxoa 8, martxoak 9, martxoak 10… borroka egunak” leloak oihukatu dituzte manifestariek.
Amaierako ekitaldia Erauskin plazan egin dute, irrintzien ondoren. Ondorengo testua irakurri dute Goierriko Koordinadora Feministako kideek:
“A ze indarra ematen diguten irrintzi hauek zaintzen mundua iraultzeko!!
Asko hitz egiten da zaintzen inguruan, denok dugu zainduak izateko beharra eta zaintzeko gaitasuna, denok ez ditugu zaintzak modu duinean jasotzen eta gehienetan, zaintza behar hauek asetzeko bideak injustizian oinarrituta daude; baldintza prekarizatuetan ematen dira eta, aldi berean, prekarizatzaileak dira.
Egungo zaintza sistema injustizian eta indarkerian oinarritua dago. Baina honen ondorioak ez ditugu denok berdin pairatzen. Emakumeak gara nagusiki zaintza lan hauek sostengatzen dugunak, eta bereziki langile klasekoak eta migratuak diren emakumeak. Geroz eta merkantilistagoa den zaintza eredu honetan, mendebaldeko herrialdeak zaintza krisi batean murgilduta gaude.
Azken urteotan emandako aldaketei erantzuteko erabiltzen ari garen estrategia migrazio-fluxuetan eragiten ari da, zaintzen kate globalak sortuz. Berriro ere, eredu prekarizatua eta prekarizatzailea areagotuz. Zerbitzu publikoek ere, eskaintzen dituzten baliabideek ez dute azaleko konponbideak besterik jartzen. Hori dela eta, zaintza eredua irauli nahi dugu, dena aldatzeko.
Egungo zaintza erregimen kapitalista eta patriarkala eraldatzeko asmoz atera gara kalera aurtengo Martxoaren 8an. Zaintzarako eskubide kolektibo baten alde egiten dugu. Pertsona guztiok gure bizitza osoan zehar zaintzak askatasun, duintasun eta konpromiso-baldintzetan eman eta jasotzeko eskubidearen alde, mendekotasun egoerez arago. Eta honetarako, ezinbestekoa izango da komunitate moduan antolatzea, eskubide kolektibo baten alde lan egiteko”.
Komunitatea irudikatzeko, Irradako dantzarekin, espiralean kokatu eta elkarri eskutik eutsi beharrean, zapiei eutsita dantza egin dute. Zapiari aitortza egin nahi baitiogu, gizarte bitar honetan txapelari eman zaion izenaren aurrean. Ni ez naiz txapeldun!! Zapidun baizik!!”.
Gora borroka feminista oihukatuz amaitu da ekitaldia.