EAJren Lazkaoko alkategai Kepa Zubiarrainek enplegua eta "pertsona erdigunean" hartu ditu udalgintzarako ardatzak
Hautagaiaren aurkezpena Areriako atalondoan egin du alderdi jeltzaleak, Joseba Egibarrekin. Zubiarrainek azaldu du berraukeraketara "ilusioz, konpromisoz eta taldearen sendotasunez" aurkeztuko dela.
Lazkaoko EAJk atzo iluntzean jo zuen udal hauteskundeen lasterketa hasteko txistua. Kepa Zubiarrain Erauskin alkategaiaren aurkezpena egin zuten, Areria antzokiko atalondoan. Zubiarrain bera, Eneritz Miranda EGIko kidea –gaur egun udalean alkate eta zinegotzi ere badira– eta GBBko presidente Joseba Egibar izan ziren hitzaldian.
Zubiarrainek hiru arrazoi azaldu ditu atzera zerrendaburu joatea erabakitzeko: “Ilusioa da bat. Lazkaotarra naiz, Lazkao maite dut, eta herria hobetzen segi nahi dut. Konpromisoa da bestea, herrigintzan sinisten dut. Eta taldea hirugarrena. Sendoa daukagu”. Agortzear den agintadian urte “gogorrak” izan direla aitortu du, pandemia tarteko. Baina “lazkaotarrei emandako hitza bete” duela zin egin du.
Maiatzeko hauteskundeei begira, bi lehentasun markatu ditu Zubiarrainek: jarduera ekonomikoa eta enplegua batetik, eta “pertsona gure erabakien erdigunean jartzea” bestea. Lehen arloari dagokionez, Kanpandegiko industrialdea prest jarri duela udalak gogorarazi du, Hiribarren industrialdea urbanizatu duela, eta industria edo pabiloi gehiago jartzeko, Fundiciones Hiribarren lantegia zegoen lekuan 12.000 metro koadroko lur saila udalak bereganatu duela nabarmendu du. Bestetik, Ormaiztegiko Irizar autobusgile kooperatibak Lazkaoko Zubierrekan pabiloi bat hartu duela jakinarazi du, eta urtean 60 kamioi elektriko ekoitziko dituztela bertan.
Erronka gisa, “lana, lana eta lana” jarri dio bere buruari alkategaiak. Proiektu “sendoa” duela EAJk azaldu du, “lazkaotarren ongizatea kohesio sozialaren bidetik eta enplegua bultzatuz lortzeko”. Pertsonen arteko ezberdintasunak ekidin, gizon/emakume artean parekidetasunerantz jo, herri solidarioa eraiki eta komunitate sentimendua bultzatu beharra hartu ditu beste lan-ildo batzuk.
Egibar: “Herri zoragarri bat duzue”
EAJren egituraren izenean, Joseba Egibarrek ere hauteskunde giltzari emanda egin du hitzartzea. Lazkaoko herriaren itxura goraipatu zuen lehenik, “gauzak egiteko estilo propio baten isla” dela adierazteko: “Apal-apal, zalaparta handirik gabe, proiektuak gauzatzen joan zarete, eta herri zoragarri bat daukazue, nire irudiko. Felixek [Urkola] eta Kepak [Zubiarrain] ukitu berezia eman diozue”.
Gainerakoan, jardunbide politiko orokorrak nolakoa izan behar duen azaldu du: “Korrika joateko, zoaz bakarrik; baina urrutira iristeko, joan taldean. Proiektuak eta ideiak mamitzeko burua argi behar da. Herri antolaketan pentsatu egin behar da, ez da inprobisatzen”.
EAJk elkarlanerako “besoak zabalik” eta “eskuak lanerako” dituela agindu du. Gainerako indar politikoei zuzenduta, baina inor izendatu gabe, iraganarekiko “irakurketa” behar dutela esan zien. “Begirada garbia behar da, bai atzekoa ikusteko, bai etorkizunera begira jartzeko”. Naziogintzaren proiektua EAJk “beti” presente daukala gehitu du: “Nazioak behetik gora eraiki behar dira. Goitik behera eraikitakoek ez dute irauten. Abertzale eta euskaldun gara, eta egunero ari gara aberrigintzan. Baina gehiengo demokratikoak behar dira jauzi kualitatiboak emateko, hori dagoenean geraezina delako. Guk beti zaindu izan ditugu gehiengo demokratikoak. Naziogintzarekin eta gehiengo demokratikoarekin batera, justizia soziala da hirugarren ardatza”.