«Egoitza publiko asko enpresa pribatuen esku utzi dira»
Legazpiko Berdeak-Independenteak taldeak gonbidatuta, nagusien egoitzen inguruan egindako ikerketa lana aurkeztuko du kazetariak ostegunean, Kultur Etxean, 19:30ean.
Residencias S.A. El negocio de los cuidados en Euskal Herria da zure lanaren izenburua.
2021eko abenduan aurkeztu nuen, Durangoko Azokan. Txalaparta argitaletxearekin batera egindakoa da, eta egoitzen inguruko ikerketa lan bat da.
Zergatik heldu zenion lanari?
Pandemiaren ondoren asko hitz egiten ari zen egoitzen inguruan, eta gaiari buruz liburua idaztea proposatu zidaten langile batzuek, sindikalista batzuek eta egoitzetan daudenen senide batzuek. Aurretik banituen bilduta hainbat datu, pandemia aurretik hasita nengoen, eta sektorearen erradiografia bat egitea komeni zela iruditu zitzaidan.
Zein izan da emaitza?
Nire ustez, sektorearen pribatizazioaren kronologia da ekarpen handiena. Eta beste ekarpen handi bat da liburuaren eskutik jakin daitekeela Euskal Herrian sortu ziren hainbat enpresa zeinen izenean dauden. Zerbitzu publiko hau pribatizatu zutenean merkatuaren zati handi bat irabazi zuten enpresa horiek, eta atzerritik etorritako enpresa sonatu batzuk daude tartean.
Erradiografia aipatu duzu…
1990eko hamarkadan Arartekoak aipatu zuen administrazio publikoa bere erantzukizuna enpresa pribatuen esku uzten ari zela, eta horrek lan baldintzetan eta zerbitzuaren kalitatearen bilakaeran eragina izango zuela. Lehen esandako kronologia hori 1991ean hasi dut, orduko datuen arabera, enpresa pribatuen presentzia oso anekdotikoa zen, %10a ere ez. Baina gaur egun guztiz kontrakoa da.
Zein da gaurko egoera?
Zerbitzua esku pribatuetan utzi da. Eraldatu egin da merkatua, eta gaur egun, %90 enpresa eta erakunde pribatuen esku daude. Euskal erkidegoan 300-bat egoitza daude, eta %90a merkatu pribatuaren esku dago.
Zer gertatu da horra iristeko?
Alde batetik, inbertsio gutxiago egin da, hau da, egoitza publiko gutxiago eta egoitza pribatu gehiago eraiki dira, eta egoitza pribatuetako plaza asko kontzertatuak dira administrazio publikoarekin. Bestetik, egoitza publiko asko enpresa pribatuen esku utzi dira.
Argi dago administrazio publikoak ez duela inbertitu nahi izan baliabide propioak sortzen, eta nahiago izan duela baliabide pribatuekin kontzertazioak egitea. Eta titulartasun publikoa duten egoitzak esku pribatuetan utzi ditu adjudikazioen bitartez.
«EAEn 300-bat egoitza daude, eta %90 merkatu pribatuaren esku daude»
«Langileak protestaka ari dira, zerbitzuan eragina duelako pribatizazioak»
Zein ondorio ditu pribatizazio horrek?
Langileak kexu dira 1990eko hamarkadatik, baina azken hamarkadan bakarrik izan dira albiste. Lan baldintzen inguruan protestaka ari dira, zerbitzuan eragina duelako pribatizazioak. Gainera, egoitzetan bizi diren pertsonen senideek osatutako hainbat elkarte jaio dira azkenaldian, eta elkarte horiek bat egin dute gehienak emakumeak diren langileekin, horien manifestazioetara joan dira eta horien aldarrikapenak propio egin dituzte.
Zeintzuk dira lehen aipatutako erradiografia osatzeko erabili dituzun iturriak?
Batetik, administrazio publikoak esaten duena, eta bertsio ofiziala alderatzeko beste iturri batzuetara jo dut: langileak, sindikatuak, senideak eta senideen elkarteak, baita feminismoa ere, feminismoak ere bereak esan dituelako gai honen inguruan. Nagusien elkarteak ere borroka honetan murgilduta daude eta horiei ere entzun diet libururako. Pentsionistak ere mugitu dira eta iritzi propioa dute. Beraz, iritzi asko jaso ditut, eta irakurleak bere irizpide propioa osatu dezake guztiak irakurrita.
Zer azalduko duzu hitzaldian?
Pribatizazioaren kronologiarekin hasiko naiz, eta gero tartean dauden bi talde indartsu aipatuko ditut. Batetik, bertoko enpresak daude, aspaldian sortutakoak eta informazio pribilegiatua zutenak pribatizazioaren inguruan, eta zerbitzua pribatizatu zenean lasterketaren lehen lerroan kokatu zirenak. Bestetik, atzerritik etorritako talde handien presentzia nabaria ere azalduko dut. Bilakaeraz ere hitz egingo dut, zerbitzu publikoen arduradun zirenak enpresa pribatuen alde lan egiten ari zirelako. Eta amaitzeko, ahotsa emango diet iturri guztiei, hau da, pentsiodunei, feministei, langileei, sindikatuei, senideei… eta administrazio publikoak zer deritzon ere jasoko dut.
Norentzat da hitzaldia?
Edozein herritarrentzat. Antolatzaileak ari dira zabalkundea ematen. Gaia ezagutzeko aukera ematea da gakoa.
Non erosi daiteke liburua?
Liburu dendetan dago salgai. Eta ez badago, bertan eskatu eta ekarriko dute. Bestela, on line ere salgai dago.