Elkartearen benetako funtzioan
Ataungo San Gregorio auzoko Pelotazale elkartean auzoko adineko emakumeak elkartzen dira astegun arratsaldeetan. Neguan egoteko tokia izan dezaten, hitzarmena egin du udalak.
Ataungo San Gregorion, Pelotazale elkartean atzo elkartu ziren hiru lagun. // Argazkia: Aimar Maiz Estimatu dute soziedadearen epela eta babesa, gordinetik joan den negu honetan. Ataungo San Gregorio auzoan, Pelotazale elkartean egoten dira astegunetako arratsaldeetan auzoko emakumeak. Zazpi-zortzi bat elkartzen dira, «gehienekoan ere», tarte atsegin bat igarotzeko. Plazako azken eguzki printzak itzalitakoan, 17:00ak aldera joan, eta 19:00ak aldera arte. Kartetan egin, kafea hartu, kontu-kontari jardun… Gaur egun bizitza soziala deitzen dena egin; non, eta horretarakoxe eratu zuten elkarte batean.
Otsailean hasi ziren elkartzen, Ataungo Udalak eta Pelotazale elkarteak egin duten hitzarmen baten ondoren. San Gregorion badaude pare bat lokal herriarenak, baina eskailerekin, ez dira oso erosoak zaharrak joateko. Pelotazalen, bi itu jo dituzte jaurtigai bakarrarekin: aste barruko arratsaldeetan hutsik egon ohi den soziedadeari erabilera-zuku gehiago atera, eta adinekoei leku goxo eta aproposa eman.
Elkarteak herrigintzan
Eguraldia goxoagoa den urtaroetan izaten dituzte bestelako denborapasak: paseatu, batez ere. Asteburuetan Sutegi tabernan elkartzen dira. Baina neguko asteak luzeak, ilunak eta hotzak dira, eta gustura hartu dute Pelotazalen egon ahal izateko aukera.
Oraingoz, zortzi-bat ataundar joaten dira, denak San Gregorio auzoko bizilagunak, eta denak emakumeak.
Udalak herriko elkarte guztiekin ekin dio hitzarmenak sinatzeari. Lehenagoko diru laguntza sistema ordezkatuko dute lankidetza-itunek. Ekarpen ekonomiko «txiki bat» ematen dio udalak elkarte bakoitzari, eta, trukean, urtean zehar ekitaldi, programazio edo ekimen batzuk antolatuko ditu elkarteak.
Urte hasieran, urteko asmoen berri eta aurrekontu bat aurkezten dute elkarteek. Bukaeran, memoria udaletxera eramandakoan, kitatzen dituzte diru kontuak. Testuinguru horretan egin du udalak Pelotazalerekin ere akordioa.
Udazkenetik aurrera, astean behin dinamizatzailea joateko aukera ere eskaini diete adinekoei, San Martinen dagoen zerbitzuaren berdina. Bien bitartean, kartekin, kafesnearekin eta elkarren arteko kontuekin, aise joaten zaie arratsaldea.













