"Emakume langileak antolakuntza politikora batzearen garrantzia" azpimarratu du Itaiak
Manifestazioa egin dute, Barrenatik hasi eta Plaza Nagusian bukatuz. Emakume langileak "guztien ongizatea bermatu behar duen gizarte sozialistaren eraikuntzan aktibo politiko" izatea aldarrikatu dute.
Goierriko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak deituta, manifestazioa izan da gaur arratsaldean, Emakume Langileen Nazioarteko Egunez, Ordizian. Emakume langileen “zapalkuntza lehen lerroan” jartzeak, eta horren aurrean, “emakumeek antolakuntza politikora batzeak duen garrantzia” azpimarratu dute. Barrenatik hasita, Plaza Nagusian amaitu da. Amaieran, egunaren bueltan egindako irakurketa irakurri dute.
“Ustez gero eta feministagoa den gizarte batean bizi gara; hala diote behintzat telebistak, irratiak, alderdi politikoek, instituzioetarako bozeramaileek…aldiz, emakume langileon egunerokoan aldaketa gutxi ikusi ditugu, kontrara emakume askoren bizi baldintzek okerrera egin dute”. Instituzioen aldetik emakume langileen “zapalkuntzarekin amaitzeko borondate errealik ez” dagoela salatu dute, eta instituzioek “aurpegi zuriketarako eta eztabaida elektoralean botoak lortzeko helburua” dutela lege feministen bidez: “Polemika mediatikorako erabiltzen ari dira edo Martxoak 8 bezalako borroka egun bat ospakizun bilakatu nahi dute.”
Gobernuetatik proposatzen diren legeek “emakume langile asko eta asko bazterrean uzten” dituztela eta “enpresariak emakume langileen esplotazio basatiaz aberasten jarraitzen” dutela gehitu dute, “sozialdemokraziak ere egoerari aterabidea emateko ezintasun bera” duela nabarmenduz.
“Babes politikoa antolatu”
Atzeraldi ekonomikoak emakume langileen bizi baldintza “are gehiago okertzea” eragin duenean, “egiturazko pobrezia, instituzioekiko dependentzia ekonomiko handiagoa, indarkeria matxista kasuen gorakada eta gogortzea, gorputzen aurkako sexualizazioa” aipatu dituzte zapalkuntza forma gisa. “Baina errealitate horri entzungor egiten zaio”. Egoeraren aurrean, “arazoen dimentsio erreala mahaigaineratzea, emakume langileen egoera sozializatzea eta horri aurre egiteko babes politikoa antolatzea” izan dute aldarri.
Amaitzeko, emakume langileen emantzipazioa lortzeko “gizarte sozialista eraikitzea beharrezkotzat” jo dute: “Klaserik gabeko, eta horren ondorioz zapalkuntzarik gabeko gizartea eraikitzeko, baldintza politikoak eraiki behar ditugu. Itaiatik gero eta emakume gehiago antolakuntza sozialistara batzeko lanean jarraituko dugu. Antolakuntzaren baitan garatzen ditugun borroka prozesuen eta sortzen ditugun instituzio propioen baitan zapaldu ororentzat espazio seguruak bermatu behar ditugu; zapalduen aurkako eraso guztiei erantzunez, eta horretarako bitartekoak sortuz. Emakume langileok guztion ongizatea bermatu behar duen gizarte sozialistaren eraikuntzan aktibo politiko izan behar dugu”.