Kioskoa bezain emakume handiak
Beasaingo sei eskoletako ikasleek, Martxoaren 8a ardatz haruta, ohialak apaindu dituzte. Loinazko San Martingo plazako kioskotik zintzilik jarri dituzte
Alkartasuna Lizeoko, Andramendi Ikastolako, Aspaceko, La Salleko, Loinazpe eta Txindoki institutuetako eta Murumendi eskola publikoko ikasleek arbela ohialengatik aldatu dute gaurkoan. Martxoaren 8a ardatz hartuta, ikastetxe bakoitzak ohial bat atondu du. Loinazko San Martingo plazako kiokotik zintzilik jarri dituzte gero, herritar guztiek ikus dezaten egindako lana. Eta ikasteko. Izan ere, feminismoan sakontzeko baliagarriak diren ohialak dira.
Aspaceko ikasleek, esaterako, Sara Carracelas eta Amagoia Arrieta kirolariak hartu dituzte ardatz. Carracelas igerilaria da eta Arrietak boccian jokatzen du. Ikasleek esan dute biak dira euren inspirazio iturri.
La Salleko ikasleek izarrekin egin dute jolas. Ikasle bakoitzak izar solte bat egin du, baina denak bata bestearen atzetik jarritakoan konstelazio bat sortu dute: M8 konstelazioa. Izar bakoitzak Beasaingo emakume aitzindari bat ordezkatzen du.
Andramendi ikastolakoek, berriz, hainbat emakumeren biografiekin jantzi dute ohiala. Emakumeek egindako lanak jaso nahi izan dutela azaldu dute.
Loinazpeko eta Txindokiko ikasleek Talde morea sortu dute. Eskolaz kanpoko talde bat dela deskribatu dute, feminismoaz, homofobiaz edota arrazakeriaz hausnartzeko eta, bide batez, gizartea hobetzeko. DBHko zein Batxilergoko ikasleak daude taldearen barruan. Euskal Herriko historian pisu handia izan duten emakumeak zein emakume anonimoak uztartu dituzte.
Murumendikoek gertuko emakumeak omentzeko baliatu dute ohiala. Gehienek ama aukeratu dutela esan dute, baina amonak, izebak, irakasleren bat… ere azaldu dira. Emakume hauek aukeratzearen zergatia esaldi baten bidez adierazi dute: “Ezpainei bihotz forma eman diegu maitasuna adierazi nahian. Ilea aske irudikatu dugu aldarrikatzen dugun askatasunaren seinale”.
Alkartasuna Lizeokoek zientzialarien biografiekin jositako soineko bat egin dute.
Udaletxeko areto nagusian azaldu dituzte euren lanak. Ikasleen ordezkariak zinegotzien postuetan eseri dira. jendetza bildu da esatekoa zutena entzuteko eta aretoa txiki gelditu da.