Lorez betetzen hasi da Ordiziako feria
Lehen geranioak jarri ditu salgai Azanzak, udaberriko beste lore batzuekin batera. Baratzerako landareen salmenta ere hasi da mugitzen, tenperaturak epeltzearekin batera.
Aurreko asteko baino giro epelagoarekin egin da Martxoaren 8ko feria Ordizian, saltzaileen artean emakumeak nagusi direla gogoratuz. Berritasun gutxiko hitzordua izan da berriz ere, baina lore eskaintza berriarekin udaberri kolorea hartzen hasi da.
Urtaro berri hori gertu dagoela gogoratzeko, Iñaki Azanza lore saltzailearen postua ikustea besterik ez da izan gaur goizean. Eguraldia epeltzen joaten denerako badute zer erosi loreak gustuko dituztenek. Geranioak hasi dira dagoeneko, kolore askotakoak gainera, eta 2,9 euroan daude salgai. Ranunculus edo urrebotoia, gerbera, Felicia margarita, krabelina eta dimorfoteka ere bazituen Azanzak, 5,5 euroan bakoitza, baita Campanula edo ezkila lorea ere (8,5 euro). Maria Dolores Mendizabalek, aldiz, neguko azken loreekin osatu du eskaintza, baina laster geranioekin ere hasiko da.
Baratzerako landareen atalean ere sumatu da mugimendua, eguraldiak lagunduta jendea hasi delako gehiago erosten. Orain urte osorako tipula gorria (3,5 euro, ehunekoa) landatzeko garaia dela esan du Monteseko Arantxa Iparragirrek, eta Jack barietateko tomate txertatua ere (2 euro bakoitza) hasi da ekartzen.
Bimia eta apio-arbia
Berritasun gehiago Zeraingo Iñaki Intxaustiren postuan izan dira, bimi izeneko brokoli mota bat adibidez, more kolorekoa. Ferian erosten duten sukaldariek estimatu dute barazki hori ikustean, eta nola prestatu azaldu ere bai: zuzenean frijituta, edo 2-3 minutuz egosi eta gero, salteatuta. Loreak brokoli zaporea omen du, eta zurtoinak zainzuri berdearena. Kiloa 8 euroan jarri du salgai, eta berria eta hemen nahiko ezezaguna izan arren, ondo saldu du.
Intxaustirekin postua elkarbanatzen duen Beñat Telleria gaztagileak, bestalde, laguntzaile bat izan du gaur, Ibai Ugarte 19 urteko legazpiarra, Telleriarte auzoko Astaola baserrikoa. Fraisoron Abeltzaintza ikasten ari da, eta Telleriaren ustiategira joan da praktikak egitera. Praktika horien barru, asteazkeneroko salmenta lanak ere egin behar ditu, eta datozen asteetan bertan ikusi ahal izango da.
Arantxa Zurutuza aramarrak ere aurkeztu ditu berritasun pare bat: apio-arbi erraboila, 1,5 euroan bakoitza, eta zuhaitzak txertatzeko erretxina, berak egindakoa (11 euro pote handia eta 6,5 euro txikia).