Zaintzarena gizartean "lehen mailako arazoa" dela salatu du mugimendu feministak Lazkaon
Eskualdeko elkarretaratze orokorrera joan aurretik, Lazkaoko Talde Feministak antolatuta herrian egin dute bilkura. "Erdigunean bizitzak" jarri beharra aldarrikatu dute.
Lazkaoko Talde Feministak deituta, Martxoaren 8ko elkarretaratzea egin dute gaur 18:00etan, Lazkaoko plazako pilotalekuan. Mugimendu feministak Euskal Herrian oro har zabaldu duen zaintzaren arazoaren auziari heldu diote Lazkaon ere. Antzezpen batean, emakumeek egin behar izaten dituzten zaintzaile lan ugariak irudikatu dituzte: zaharrenak, haurrenak, etxekoak, gaixoenak…
Zaintzarena gaur egungo gizartean “lehen mailako arazoa” bihurtuta dagoela salatu dute talde feministakoek. Sistema kapitalistaren erasanen artean, pertsonen bizitzak ez direla negozioa gogorarazi dute, erakunde publikoei zuzeneko interpelazioa eginez. “Erdigunean bizitzak eta zaintza” jarri beharra daudela gehitu dute.
Duela urte batzuk indarkeria matxistaren arazoarekin lortu zen iraulia ikusi nahi dute zaintzaren eremuan ere. “Gaur egun, indarkeria matxistarena arazo politiko eta soziala dela ozen oihukatzen du gizarteak. Zaintza ere lehen mailako arazoa da”.
Minutu batzuetan elkarretaratzea egin ondoren, musika mugikorra hartuta, lazkaotarrak Beasainerantz zuzendu dira, oinez. Han, eskualde mailako protesta ekitaldian parte hartuko dute.