Zaldibiarrek elkarretaratzean zaintza eredua aldatu beharra aldarrikatu dute, M8 hasi duen ekitaldian
Emakumearen Egunean, plazan ordu laurden batez elkartuta egon dira herritarrak. Gaur egunean zehar eta larunbatean dituzte ekimen gehiago.
Martxoaren 8ko Emakumearen Eguneko lehenbiziko elkarretaratzea Zaldibiako plazan egin dute, gaur eguerdian. Hamabost minutuan, musikak lagunduta, herritar saldo bat bilduta egon da, asko zapi moreak lepora lotuta. Zaintzari jarri dio arreta aurtengo M8an mugimendu feministak. Zaldibian ere, Eztitxu Mujika alkateak irakurri duen testuaren arabera, “zaintzaren eredua errotik aldatu beharra” dago. Horretarako, herrian elkarrizketa-guneak sortzen ari dira.
Eguerdian puntuan hasi da ekitaldia. Lardizabal eskolako haurrek dantza-koreografia bat egin dute lehenbizi, guraso eta aitona-amona askoren aurrean. Ondoren, aldarrikapen testua irakurrita, musikarekin ordu laurden bat egon dira zaldibiarrak elkarretaratuta.
Iluntzean, eskualdeko mailako Beasaingo bilkurara joateko deialdia egin dute. 19:00etan hasiko da. Zaldibiako plazan, elkarrekin joateko, 18:15ean jarri dute hitzordua. Beasaindik itzulitakoan, gauean Zubi-Buru elkartean afaria egingo dute, norberak eramandakoarekin.
Emakumearen Egunaren inguruko egitarauak larunbatean jarraituko du Zaldibian. Ttipi-Ttapa Morea lasterketa herrikoi eta ez lehiakorra izango da goizean, 10:30ean hasita. Dagoeneko 90 emakumek eman dute izena, baina gehiagorentzat ere badago aukera. Eguerdian ekitaldia, bazkaria, eta arratsean kaleko giroa jarriko dituzte.