Akonkaguako Unibertsitateko Honoris Causa doktore titulua jaso du Nekane Balluerkak
Hirugarren aldiz entregatu du titulu hori Akonkaguako Unibertsitateak, baina emakume batek jasotzen duen lehen aldia da.
Honoris Causa doktore titulua eman dio Akonkaguako Unibertsitateak (Txile) Nekane Balluerka Lasari (Ordizia, 1966). Asteartean egin zuten ekitaldia Akonkaguako Unibertsitateko Los Andes egoitzan, eta bertan izan ziren, hango unibertsitateko ordezkariez gain, EHU/UPV Euskal Herriko Unibertsitateko Eva Ferreira Garcia errektorea eta EHUko beste hainbat ordezkari.
Unibertsitateak zabaldu du “bere ibilbide akademikoarengatik, bere ezaugarri pertsonal aipagarriengatik eta gizarteari egindako ekarpenengatik” izendatu dutela Honoris Causa doktore. Hirugarren aldiz entregatu du titulu hori Akonkaguako Unibertsitateak, baina emakume batek jasotzen duen lehen aldia da.
Psikologian lizentziatua eta EHU/UPV Euskal Herriko Unibertsitateko doktorea da Balluerka. Akademika eta ikertzailea da, 28 liburu idatzi ditu elkarlanean, eta 56 ikerketa proiektuetan parte hartu du. 2017tik 2021era EHUko errektore izan zen. Portaera Zientzien Metodologia arloko katedraduna da 2009tik. 2021ean, Chevalier de l’Ordre des Palmes académiques izendatu zuen Frantziako Gobernuak, “Euskal Herriaren eta Frantziaren arteko mugaz bestaldeko kooperazioan” egindako lanagatik.