ENBA nekazari elkarteak bihar ongarriketari buruz jardunaldi bat egingo du Zaldibian
Nekazaritzan erabiltzen diren ongarri organikoak (zimaurra eta purina) eta ongarri kimikoak arautzen dituen araudia aldatu egin da, eta Enba nekazari elkarteak Nekazaritza lurrak ongarritzeko araudi berria jardunaldia antolatu du gai horren inguruan. Bihar, ostirala, Zaldibiako Goizane eraikinean izango da, 10:00etatik 13:00etara.
Gaiaren interesa nabarmendu, eta informazioa oso garrantzitsua dela aurreratu du Enbak, bai belardiak ongarriztatzen dituzten abeltzainentzat, bai soro, mahasti nahiz fruta-arbolen kasuko nekazarientzat.
Izena emateko, Enbarekin jarri behar da harremanetan (943 65 01 23; gipuzkoa@enba.eus).
Hitzaldiak
Gipuzkoako Foru Aldundikoek irekiko dute jardunaldia. Lehen orduan Imanol Arrietak (Abelur) hitz egingo du ongarriztatze jasangarriaren dekretuaz. Bigarren hitzaldia, Galiziako CIAM ikerkuntza zentroko Juan Castrok egingo du, Kantauri itsasertzeko lurren ongarriztatzeaz begirada kritiko bat emanda.
Azkenik, Aretxabaletako Julen Abasolo abeltzainak eta Getariko Xabier Txueka mahastizainak hitz egingo dute.