Ines Benitez izango da Elkarrekin Zumarragaren alkategaia
Ezker Anitza-IUko ordezkaria eta koalizioko egungo zinegotzia, Ines Benitez, Elkarrekin Podemos, Ezker Anitza-IU eta Aliantza Berdearen Zumarragako alkategaia izango da maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan.
Benitezek 47 urte ditu eta Zumarragakoa da. Merkataritza eta harreman publikoetako goi-mailako teknikaria da. Gaur egun, eskola-jazarpenean diplomatura ikasten ari da. Ezker Anitza-IUko eta PCE-EPKko kidea, herriko gizarte mugimenduko partaide aktiboa da. Pentsiodunen, Kaleratzeak Stop taldearen eta Sahara Librearen aldarrikapenak babesten ditu. Gainera, Koordinadora Feministako kide izan da urteetan.
Koalizioaren helburu nagusietako bat zerbitzuak udalaren eskuetara itzultzea izango dela esan du. “Enpresa pribatuen bidezko kudeaketa diru asko kostatzen ari zaie zumarragarrei. Ziur gaude, eta beste udalerri batzuetako esperientziek hala erakusten digute, kudeaketa zuzenak zerbitzuaren kalitatea eta langileen lan baldintzak hobetzea dakarrela, eta ez da frogatu garestiagoa denik”.
Auzoetan batzarrak martxan jarri nahi ditu bizilagunen kezkak eta proposamenak entzuteko eta herritarren “benetako beharrei” buruz hitz egiteko.
Herrigunetik urrun dauden auzoen irisgarritasuna hobetzeko eta berdeguneak errespetatzeko ere lan egingo duela esan du.
Berdintasunaren arloan, politika feministak lantzen jarraituko dutela esan du. “Emakumeekin, pentsiodunekin, etorkinekin, Koordinadora Feministarekin eta gainontzeko taldeekin batera, Zumarraga sozialagoa eta bidezkoagoa lortzeko lan egingo dugu”.