Zerain eta Legazpi arteko Gi-3520 errepidea hilabetez itxita egongo da
Hasiera batean, lanek iraun bitartean errepidea trafikoari irekita egotea aurreikusten zen arren, hilabetez erabat itxita egongo da datorren astelehenetik aurrera.
Zeraindik Legazpira doan bidea— Gi-3520 errepidea— zabaltzeko eta hobetzeko lanak hasi zituzten pasa den astean. Hasiera batean, lanek iraun bitartean errepidea trafikoari irekita egotea aurreikusten zen arren, hilabetez erabat itxita egongo da datorren astelehenetik aurrera.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretarako Departamentuaren ardura dira lanak eta Construcciones Otegi Gaztañaga S.L. enpresak egingo ditu. Lanek 364.425,82 euroko aurrekontua dute. Obra 2,300 eta 2,680 kilometro puntuen artean ari da gauzatzen, «errepidea zabaltzeko eta hobetzeko», aldunditik zehaztutakoaren arabera.
Mendi aldean «erauzketa lanak» egingo dira errepidearen zabalera berria lortzeko. Zoladura osatuko duten materialak «azpioinarri pikorduna eta zabor legarra— zabaldu eta zapalduko dira eta amaitzeko, «nahaste bituminosoa» zabalduko da. Lanak osatzeko «areka berriak egingo dira eta bi puntutan errepidea zeharka gurutzatuko duten bi drainatze hodi luzatuko dira zabalera berrira egokitzeko».
Apirilaren 13ra arte itxita
Aipatutakoez gain, Aizpea errekastoaren —2,635 kilometro puntuan— gaineko estolda ere zabaldu egingo dute «gaur egungo estugunea kentzeko». Hain zuzen, lan hauek dira errepidea hilabetez ixteko arrazoi nagusia: «Estolda edo zubitxoa zabaltzeko ezinbestekoa izango da errepidea guztiz ixtea. Egin behar diren indusketak bidearen egonkortasuna guztiz ziurtatzea eragozten digute. Hortaz, martxoaren 13tik hilabetez itxita egongo da errepidea», adierazi dute aldunditik. Errepideak itxita dirauen bitartean, ordezko ibilbide hauek gomendatu dituzte: «Gi-3262 eta Gi-3571 Mutiloatik eta Gi-3520 5,780 kilometro puntuan Mutiloako Meatze Barrutiaren sarbidetik».
Lanak amaitutakoan— hiru hilabetez luzatuko dira—, 4 metroko zabalera beharrean, 5,5 metro izango ditu errepideak; zoru eta segurtasun hesi berriak izango ditu. Trafiko gutxiko errepidea izanik, «eguneko 163 ibilgailu igarotzen dira» bertatik.