«Aljeriako gerra eszenategia baino zerbait gehiago da»
‘Errusiar erruletara jolastu nahi?’ liburua argitaratu du, online, Booktegi.eus webgunean, Jon Arano (Itsasondo, 1961) idazleak. «Nobela beltzaren arauek osatzen dute fikziozko kontakizuna».
Aljeriako gerran kokatuta, Usurbilen aurkitutako eskuizkribu batean oinarrituta dago.
Beno, zatika, Jack destripatzaileak edota Annibal Lecterrek zioten gisa: Usurbilgo sendategian aurkitutako testu baten transkripzioaren zuzenketa / moldaketa, gehi aurkitzaile ezezagunaren beste ohar batzuk, eta azkenean gure gaztetako bizikizun batzuetan oinarritutako narrazioa da, ez da nobela laburra ere, ipuin luzea baizik. Aurkikuntza horiena literatur lizentzia klasikoa da, oso erabilia idazlearen fikzioa eta biografia mozorrotzeko. Jakitekotan, idazleak jakiten du zer den berea eta zer ez.
Usurbilgo «sedantegira» iaz eginiko bisita motxa ala egonalditxo laburra zerbaitekin bete beharko genuen; hauxe okurritu, eta orduan eta gerora hainbat film eta idazlanen eraginak ondroso zetozkiola ikusi, eta hori guzti hori, dena orraztu eta ia borobilduta gero atera da istorioa. Bi lagunek ere ekarpenak egin dizkidate, gustura nago.
Bere buruaz beste egiten du Echevarriak, gerra testuinguruan, errusiar erruleta erabiliz.
Aizan, bukaera ere kontatu beharra al zegoen? Aljeriako gerra eszenategia baino zerbait gehiago da, baina protagonisten bizikizunak dira nagusi, eta nobela beltzaren arauak edo antzeko kontuak osatzen dute fikziozko kontakizuna, «liburuxka». Azken batean, Espainiako azken gerra zibilean Bilboko erorketaren ondoren eusko gudariei egin zitzaien traizioa dago hondoan, errendituarazita Santoñako presondegira eraman zituzten italiarrek.
Ondorioren bat zabaltzeko helburuz idatzi al duzu?
Spoilerra ere egin behar al dugu? Paco Echevarriak, errenditu ordez, ihes egin eta Frantziar Atzerritar Legioan sartzen da; Indotxinako gerran ere berdin, han derrigor errenditu beharra dirudienez, eta Aljeriarren garaipena garbi ikusita berriro errenditu nahi ez duenez, errusiar erruletarekin bizitza jokatzen ohituak, bere buruaz beste egingo du-edo… Ez dabil joko aretoan jolasten, ez burkideekin denborapasa bizitza jokatzen diruagatik, bere biziaren aurka jokatzen du! Helburuak eta aburuak auskalo.
Donostian bizi izandako gertakari bat azaltzen duzu, poliziaren jazarpena jasan zenutenekoa. Batak bestea gogora ekartzen du?
Askotan zintzoa zirudiena gaizkilea izan zen, eta alderantziz. Irlandako independentzian ere gertatu zen, Aljeriako liberazioan zer esanik ez, E.H.-ko guda/borroketan ere izango ziren kasuak… Luze joko nuke: istorio hori ere ez da guztiz pertsonala, pasadizu komiko antzekotik badu, baina inkognita bat ere uzten du, fikzionatua izan arren. Guztiz kontrajarriak dira pertsonaiak. Konparaketak gorrotagarriak dira, bestalde, aidanez.
«Poesiak ez gaitu abandonatu; guk pixka bat bai poesiagintza»
Ipuina Booktegi.eus webgunean dago irakurgai doan. Paperean ere argitaratuko al duzu?
Momentuz, gure iritzirako sekulako harrera izan du. Whatsappez bidali diegun hamarnaka batzuen zifrak kontatu gabe, emailez bidali diegun beste hamarnaka batzuen bidez, gehi Booktegiaren sareari esker, eta ahoz-aho ibiliko zen, edo ez dakit: martxoaren 2an argitaratu eta 5 egunetan, 300 orriztatze, irakur aldi paseak eta 100dik gora deskarga izan ditu. Arrakastatsua! Eta elkarrizketa honen ostean irakurle gehiago izango dituela uste dugu. Paperean atera? Ipuin gehiago ere baditut, bukatzear, beste zenbait elkarrizketa liburu, saiakera, nobela… «Lehiaketa/beketara aurkeztu behar haiz?», galdetu ohi didate. Denborak esango du, musu-trukeko eta eskergaiztoko lanak izan ditugu azken urteetan, ez dago erraza.
Poesia egin izan duzu. Poesia idazten jarraitzen al duzu?
Poesiak ez gaitu abandonatu, guk pixka bat bai poesiagintza; halere, aspalditik metatutako milaka paper biltzen, osatzen, txukuntzen nabil, ez dugu ezer aurreratu behar, baina ez dira bidean aurkituak eta ez ditut botatzeko… Laster, Aste Santuan beteko dira 50 urte Eustakio Mendizabal Txikia hil zutela. 1991ean bere liburua atera genuen, Hitz etena, bi edizio.
Alabaina, aurretik, 1987an oso gaizki editatu ziguten poema luze bat ari naiz zuzentzen, orrazten eta prestatzen oraintxe (gidoia atera liteke ikus-entzunezko bikain baterako), web batean argitaratzeko, jakina. Pandemia, ajeak, bizirautea ere ez da gutxi.
Poesia ala prosa nahiago duzu?
Literatur genero guztietatik ikastea da hoberena, ona izan dadila garrantzitsuena; pelikulak, komikiak, arte ederrak, aldartearen arabera, baina zaleak gara; baita entretenigarriak ere, gustuko ditugu, zerbait badiote hobe.
Kazetaria ere bazara. Kazetaria beti kazetari?
Zeruko Argian publikatu zizkidaten aurretik poemak, ezizenpean; gero Argia, Egin-eko A ze astelena! gehigarrian, Susa literatur aldizkarian, hainbat medioetan aritu, baita D.V.-n euskaraz, Itsasondoko Kantillape sortu… Ibilaldi luzea, baina azken urteetan ez zait errentagarri suertatu, enkarguzko gustuko lan batzuk bai, baina bestelakoak ere egin behar; halere, kazetariek kazetaritzaz iritziak ematea ere ez da aidanez egin beharrekoa. Ez dut uste euskal kazetaria duin eta luzaro, oparo, hortik eta horretarako bizi daitekeenik, beraz… Arrastaka ibiliak gara hamarkadetan. Idazlea, ala idazlaria, bai beti idazle.













