Ataunen bi emanaldik osatuko dute Mendi Astea
Ostegunean eta ostiralean, bi saiotan mendiko bost dokumental ikusi ahalko dira, Herri Antzokian.
Ataunen aste honetan garatuko dute II. Mendi Astea, udalak antolatuta. Herri Antzokian bi emanaldi izango dira, eta denera bost ikuskari eskainiko dituzte.
Ostegunean, martxoak 16, 19:30ean, bi dokumental emango dituzte, zigilu goierritarrekoak. Lehenbizi, Goierriko jatorriko Ekaitz Maizen Pamir, harria eta izotza jarriko dute. Pamir mendilerrora 2021ean egindako espedizioa jaso du. Eskalada-igoerez, zazpimilako mendiez eta tartean lagundu behar izan zuten erreskate batez dihardu. Ondoren, Koke Lasa ormaiztegiarraren Aketegiko Mari jarriko dute.
Ostiralean, martxoak 17, 21:00etan, Bilboko 2022ko Mendi Film jaialdian aurkeztutako hiru dokumental labur ikusi ahalko dira, sariak jasotakoak hirurak: Agur Artzai (27 minutu, euskarazko onena eta gazteen saria), Egoland (19 minutu, ikusleen saria eta epaimahaiaren aipamen berezia) eta Everest, sea to summit (59 minutu, Zabalandi saria). Sarrera doan da.