'Ateak Ireki' ekimena aurkeztu dute, euskal komunitateko gazteak saretzeko
AEBko Euskal Komunitateko 53 gaztek Goierriko familietan 3 asteko egonaldia egiteko aukera izango dute. Urte batzuk barru estrategikoak izan daitezkeen harremanak lortzea eta sendotzea du helburu ekimenak. Goierriko familiak parte hartzera deitu dituzte.
‘Ateak Ireki’ egitasmoa aurkeztu dute gaur Goierri Valley-ko NBF eraikinean, Ordizian. Ekimenaren bidez, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Euskal Komunitateko hainbat gaztek Goierriko familietan egonaldia egingo dute udan, elkarren arteko zubiak eraikitzeko. Batzen Euskal Komunitatearen Proiektu Dinamikarako elkarteak, Maizpidek, Goiekik, Goierriko udalerriek, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiek, Eusko Jaurlaritzak eta N.A.B.O Ipar Amerikako Euskal Erakundeak bultzatutako proiektua da. Gazteek parte hartuko duten familiekin, eta batez ere familietako gazteekin harremanak estutzea du helburu, haien artean saretu eta urte batzuk barru estrategikoak izan daitezkeen harremanak lortu eta sendotzeko.
Ekainaren 25etik uztailaren 16rako programa prestatu dute, bazkari, irteera, eskola, tailer, erromeria, bisita eta bestelako jarduerekin. Iñaki Goirizelaia Batzeneko zuzendariak azaldu duenez, 60 gaztek eman dute izena, eta 53 onartu dituzte programan parte hartzeko. Euskaran eta euskal kulturan murgilduko dira 3 astez, Goierrin barrena. “Gure helburua da harreman estuak sortzea familiekin. Ez dakigu non egongo diren gazte hauek 20 urte barru, balio handikoa da epe luzeko proiektu hau. Hazi hori ondo landatzen badugu, fruitu oso polita izango dugu etorkizunean”. Euskara eta euskal kultura zabaltzeaz harago, “benetako harreman pertsonaletan sortutako zubiak sortu” nahi dituzte.
Gogora ekarri du, hurrengo urtean 50 urte beteko direla AEBko lehenengo gazteak Oñatira joan zirenetik, Boise State Basque Studies Abroad Program ekimenarekin. Hori izan zen proiektuaren abiapuntua, eta sustatzaileen esanetan, “fruitu onak” eman zituen: “Badaude mundu osoan eta batzuk eduki dute garrantzia handia euskal kulturaren garapenean AEBn. Adibidez, Dave Bieter Boiseko alkatea izandakoa Oñatin izan zen garai hartan. Euskal herritik kanpo egon den alkate euskaldun bakarra”, azaldu du Goirizelaiak. 70. hamarkadan hasitako ekimen horri jarraipena emango diote.
Goierritarrei deia
Parte hartuko duten AEBko gazte gehienak Kaliforniakoak, Idahokoak eta Nevadakoak dira, “euskal komunitatea batez ere horietan” baitago. Beste estatu batzuetatik ere etorriko dira. Emakumeak dira gehienak, eta urteei dagokienez, 19 eta 23 urte artekoak. Goierriko familiak deitu dituzte egitasmoan parte hartu eta gazte horiei ateak irekitzera. “Aukera paregabea da denontzat, eta betirako hor egongo dena. Gainera, trukea ere posible izango litzateke etorkizunean”. Parte hartu nahi duten familiek Ateak Ireki-ren webgunean eman dezakete izena.
Goierrin eta Gipuzkoan izango dira jarduerak aurten, baina proiektua Euskal Herriko beste lurraldeetara zabaltzea dute helburu. AEBko diasporarekin ez ezik, beste eremu batzuetako euskal komunitatearekin ere sareak lortu nahi dituzte epe luzera.