Lazkaon Juan Manuel Serna jarriko du PSE-EEk berriro alkategai
Udalbatzan atzera alderdi sozialistaren presentzia itzuli nahi du.
Lazkaoko PSE-EEk Juan Manuel Serna aurkeztuko du maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan zerrendaburu. 2019an ez, baina aurreko aldi askotan izan zen alkategai. Azken hauteskundeetan, PSE-EEk ez zuen zinegotzirik lortu udalbatzarako, eta presentzia hori berreskuratu nahi duela azaldu du Sernak. “Lazkaon badira berriz ere udalean ordezkaritza sozialista ikusteko irrikaz dauden hautesleak”.
Helburuen artean, “bakearen eta errespetuaren alde” herrian jardutea hartu du. “Desberdin pentsatzen dutenen artean” bizikidetza indartu nahi du. Zentzu horretan, Gipuzkoako PSE-EEk Sernaren hautagaitzak duen balioa nabarmendu du, “zinegotzi sozialista izateak bizitza arriskuan jartzea esan nahi zuenean ez zuen bere ideiak eta balioak ETAren intolerantziaren aurrean defendatzeko zalantzarik egin”. Lazkaorekin eta PSE-EErekin “ausardia eta konpromisoa” beti azaldu dituela gehitu du herrialdeko exekutibak.
Hain justu, 2011-2015 agintaldiko EH Bilduren kudeaketa kritikatu du, “orduz geroztik herrian urte horietan bizitako tentsioa hasi bezterik ez” dela egin eta Lazkao “muturretan banatutako gizarte” bihurtu dela esanez. Atez ateko hondakin sistema atera du hizpidera, eta “Serna bezalako konpromisodun sozialistek” bultzatu zutela kontra egiteko mugimendua azaldu du.
EAJk eta EH Bilduk euren arteko desberdintasunak azpimarratzen interes handiagoa dutela gehitu du, elkarguneak sortzen eta “herritar guztiei interesatzen zaizkien politikak” bilatzen baino.