Jose Ignazio Asensio Ingurumeneko diputatuak ontziak sailkatzeko Legazpiko lantegia bisitatu du
Berrikuntza eta hobekuntza lanak egin dituzte bertan, 250.000 euroko inbertsioarekin. Iaz 11.000 tona baino hondakin gehiago tratatu zituzten Legazpin.
Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidentea Legazpin izan da gaur arratsaldean, Industrialdean dagoen ontziak sailkatzeko lantegia bisitatzen. Lantegian birmoldaketa lanak egin dituzte, eta emaitzak bertatik bertara ezagutzen izan da. Plantaren eraginkortasun orokorra, aluminioaren eta beste metalen berreskurapena eta instalazioaren egokitzapen orokorra hobetzeko lanak egin dituzte, baita kontsumoak murrizteko ere. Inbertsioaren kostua 250.000 eurokoa izan da.
Planta berritu ondoren, “plastikoa eta ontziak kudeatzeko ahalmen handiagoa” du orain Legazpiko lantegiak, Asensiok azaldu duenez. Egiturak berritu eta baliabideak askoz ere modernoagoak direla ere zehaztu du, “gaikako bilketa eta ontzien bilketa aurrera doan heinean, baliabideak ere berritu egin behar dira”.
Herritarren kontzientzia maila altua
Legazpin eta Urnietan dauden plantetan Gipuzkoan sortutako ontzi hondakinak sailkatzen dituzte, hau da “edukiontzi horian jasotzen den guztia kudeatzen da”, eta gero Ecoembes erakundearen bitartez birziklatzera bidaltzen da, berriz ere lehengai bihurtzeko. Legazpin, zehazki, Debabarrena, Debagoiena, Sasieta, Urola Kosta eta Urola Erdian bildutako ontziak tratatzen dituzte. Iaz, 11.000 tona baino gehiago tratatu zituzte bertan. Prezero eta Campezo enpresek kudeatzen dute lantegia, eta 19 langile ditu gaur egun.
Gipuzkoan azken urteetan gaikako bilketa asko igo dela ere nabarmendu du Asensiok, “2021ean %77ra iritsi zen, Espainian egiten den gaikako bilketarik altuena da”. Alde horretatik, “gure herritarren kontzientziazio maila altua eta konpromisoa” goraipatu ditu, eta horregatik Legazpiko lantegian egindako berrikuntza lanak “merezi” dituztela esan du.