Legazpiko Udalak eta Ertzaintzak delituen prebentziorako ekintza plan bat adostu dute
Segurtasun kamerak instalatuko dituzte udalerriko gune estrategikoetan. Legazpi "herri lasaia eta segurua" dela diote udal agintariek, eta "horrela jarraitzea" nahi dute.
Azken asteetan Legazpiko establezimenduetan delitu ekintzak ugaritu egin direla ikusita, Legazpiko alkate Koldobike Olabidek, Eric Galvez alkateordeak eta Xabier Lopez udaltzainburuak bilera bat izan dute Bergarako ertzain-etxeko agintariekin, gertakari horien inguruko kezka adierazteko eta ekintza plan bat adosteko. Legazpi horrelako ekintzetara ohituta ez dagoen herria dela adierazi dute udal arduradunek, “orain arte ohikoak izan baitira lasaitasuna eta segurtasuna”.
Udal arduradunek eta Ertzaintzak prebentziozko ekintza plan bat adostu dute, eta berehala jarriko dute abian. Adostutako neurrien artean, udalerriko gune estrategikoetan segurtasun kamerak instalatzea dago. Kamera horiek helburu bikoitza izango dutela azaldu dute, “delitugileak uxatzea batetik, eta, bestetik, delituren bat gertatuz gero, delitugilea identifikatzen laguntzea, ondoren atxilotu ahal izateko”.
Era berean, gogorarazi dute “oso garrantzitsua” dela Ertzaintzari 112 zenbakira deitzea delitu bat egiten ari dela susmatzen bada edo horren zantzurik bada.
Legazpi “herri lasaia eta segurua” dela nabarmendu dute, eta “horrela jarraitzea nahi dugu, eta horregatik, ez ditugu horrelako delitu ekintzak onartuko; horiei tinko egingo diegu aurre”.
Udal agintariek bozeramaileen batzorde bat deitu dute, gainerako alderdiei Ertzaintzarekin izandako bileraren berri emateko.