Turismo industriala ezagutzeko aukera izango da asteburuan Legazpin, Urretxun, Ezkion eta Zumarragan
Hainbat bisita gidatu antolatu dituzte lau herrietako baliabide turistikoak eta museoak ezagutzera emateko. Doan izango dira, baina izena eman behar da aurrez.
Ezagutu turismo industriala barrutik-Ate irekiak lelopean, Ezkio-Itsasoko, Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako hainbat baliabide turistiko eta museo ezagutzeko aukera izango dute asteburuan bertakoek zein bisitariek.
Legazpin, funtzionamenduan dagoen Mirandaolako burdinola edo Txillida Lantokia bisitatu ahal izango dira. Ezkion Igartubeiti baserria eta dolarea ezagutzeko hainbat bisita eskainiko dira, zukua egiteko esperientzia bat eta bisita antzeztu bat tartean. Urretxun, Urrelur mineral eta fosilen museoa bisitatzeaz gain, eskualdeko ofita mineralari buruzko hitzaldi batez gozatu ahal izango da. Eta Zumarragan, eskualdeko beste museo batzuetan bezala, Antioko Interpretazio Zentroak sarrera librea izango du.
Publiko guztientzako planak dira, eta sarrera doan da denetan, baina aldez aurretik erreserba egin behar da tu 943 72 20 42 zenbakira deituta edo 688 640 435 era whats-app mezu bat bidalita.
Bisiten programa osoa hemen ikusi daiteke: https://www.urolagaraia.com/2023/03/10/ezagutu-industria-turismoa-barrutik-ate-irekiak/?lang=eu.