Amiantoak eragindako beste bi ezintasun absolutu onartu ditu Gizarte Segurantzak
Bi gizonezko dira, eta biriketako adenokartzinoma dute, lanean arnastutako amiantoaren eraginez.
Asviamie Amiantoaren Euskadiko Biktimen elkarteak jakinarazi duenez, amiantoak eragindako gaixotasun profesionalarengatik ezintasun absolutuaren beste bi aitortza egin ditu Gipuzkoako Gizarte Segurantzak. Ezintasunaren aitortzak Goierrin lan egindako bi gizonezkok jaso dituzte, eta kobratzen dituzten pentsioetan igoerak ekarriko dizkiete.
Bi gizonezkoek biriketako adenokartzinoma dute, lanean arnastutako amiantoaren eraginez.
Tramite luzeak
Xabier B.Z-k 70 urte ditu, eta 1970ean hasi zen lanean, hasieran Patricio Echeverria lantegian eta gero GKN Driveline España enpresan, Osakidetzak 2022an diagnostikatu zion biriketako adenokartzinoma. Asviamiek dioenez, “Patricio Echeverria enpresak ez zituen bete prebentzio neurriak amiantoarekin, eta ez zion lan agintaritzari jakinarazi langile hori amiantoaren eraginaren menpe ari zela lanean eta osasun zaintzarako eskubidea zuela”. Osakidetzako profesionalek, bestalde, ez zioten Osalani jakinarazi langileak zuen gaixotasunaren jatorria lanean egon zitekeela, eta horregatik, iazko maiatzean ezintasun iraunkorra kobratzeko gestioak hasi zituztenean, atzera bota zuten hasieran eskaera. Azkenik, Xabier B.Z. Osalanen zerrendan sartzea lortu zuten, eta berriz ere eskaera egin eta zazpi hilabetera, Gizarte Segurantzak ezintasun absolutuaren aitortza egin dio, eta ondorioz, gehienezko pentsioa kobratuko du.
Pedro B.S. da aitortza lortu duen bigarren pentsioduna. 73 ditu, eta iturgin gisa lan egin zuen hainbat enpresatan. Kasu honetan Osakidetzak jakinarazi zuen kartzinomaren jatorria amiantoan egon zitekeela, eta Osalanek baieztatu zuen susmo hori. Hala ere, urte betetik gora behar izan du aitortza lortzeko.
Bi kasu hauek ezagutzera ematearekin batera, Asviamie “pozik” agertu da, eta “gaixotasun askoren jatorria lanean dagoela ezkutatzeko enpresek, Osakidetzak edo Gizarte Segurantzak etengabe egiten dituzten lege-hausteen aurrean biktimek modu antolatuan erantzuteko garaia” dela adierazi du.
Amiantoari buruzko hitzaldia Legazpin
Hilaren 28an, bestalde, Amiantoa, gaixotasun profesionala aitortzeko bidea izeneko hitzaldia egingo dute Legazpiko Kultur Etxean, 18:30ean, Bidelagun Fundazioko David Pena abokatua eta Izaro Mujika ELA sindikatuko Lan Osasun teknikaria izango dira hizlariak.