Maddalen Iriarte Urretxun, Zumarragan eta Legazpin izango da ostiralean
EH Bilduko Aldundirako hautagaiak Gogoa Mobility eta Bemendi proiektuak bisitatuko ditu, eguerdian Gipuzkoako lur industrial degradatua berraktibatzeko egin duen plana aurkeztuko du eta arratsaldean hiru herrietako alkategaiekin solasean jardungo du.
Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako Ahaldun Nagusirako hautagaiak Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko hainbat proiektu bisitatuko ditu etzi ostirala, goizean, eta eguerdian Gipuzkoako lur industrial degradatua berraktibatzeko egin duen plana aurkeztuko du Legazpin. Arratsaldean, Jon Altolagirre, Aritz Elgarresta eta Edurne Gonzalez hiru herrietako alkategaiekin batera arituko da solasean 18:00etan Legazpiko Azokan.
Eskualdeko bi proiektu berritzaile ezagutu ditu Iriartek bisitan. Batetik, Gogoa Mobility, pertsonen bizi kalitatea hobetzeko exoeskeletoak diseinatu eta garatzen dituen Gipuzkoako enpresa berria, bisitatuko du. Bestetik, Brinkolako Bemendi ere ezagutzeko aukera izango da, kanpoan hazitako behiak eta larreen jasangarritasuna ardatz dituen Gaztenek Berri programaren barruan garatutako proiektua.
Heldu beharreko ardatzak
Arratsaldeko solasaldian, bestalde, Iriartek, Gonzalezek, Altolagirrek eta Elgarrestak zaintza ereduaren inguruko proposamenak, erronka eko-sozialaren ingurukoak eta arlo sozioekonomikorako proposamen zehatzak egingo dituzte, eta EH Bilduren gobernantza eredua azalduko dute. Horiek dira, hain zuzen, hiru herrietako biztanleen galera eta zahartzea, eta ehun industrialaren gainbehera ikusita, “krisi anizkoitz honi aurre egiteko lehentasunez heldu beharreko ardatzak”.
“Garai zailak baina aldi berean aukerez beteak” direla dio EH Bilduk, eta “komunitategintza indartsu baten aldeko apustu sendoa egiteko unea da”. Alde horretatik, agortutak0 zaintza eredua irauli eta pertsona erdigunean kokatuko duen ekosistema bat sortzea proposatu dute, eta larrialdi klimatikoari eta biodibertsitatearen krisiari eta krisi energetikoari erantzun komunitario bat ematea ere bai, hori delako “erronka eko-soziala”, baita “degradatutako lur industrial hori berraktibatzeko eta enpresa aukera berriak martxan jartzea” ere .
Hori guztia, “denontzako bizitza duinak nahi ditugulako, komunitate kohesionatu bat eta ingurune bizigarri bat” nahi dutelako, eta aurrera eramateko “gobernantza eredu partekatu bat” proposatu dute, “herritarrekin elkarlanean”. EH Bildun “etengabe eraikitzen” ari direla diote, “sare berriak sortzeko, herritarren ekimenei bide emateko, lankidetzarako guneak sortzeko, ezberdinekin lan egiteko eta horren emaitza herritarrekin partekatzeko”.