Migrazioaren inguruko sentsibilizazio kanpaina jarriko du martxan bihar Hotz Legazpik
Erakusketa, solasaldia eta zine emanaldia dira kanpainaren ardatzak, eta SMH, Zaporeak eta Hiritarron Harrera Sarea elkarteen laguntzarekin gauzatuko da. Haurrengana eta gazteengana iritsi nahi dute bereziki.
Migrazioaren eta elkartasunaren gaiak ardatz hartuta, herritarren sentsibilizazioan oinarritu du Hotz Legazpik hurrengo kanpaina. Gaur hasi eta hilaren amaierara arte, bi arlo horietan lan egiten duten hainbat elkarteren testigantzak gertutik ezagutzeko aukera izango da Legazpin.
Hiru ekitaldik osatuko dute kanpaina. Lehena, gaur bertan irekiko den argazki erakusketa izango da, bigarrena migratzaileekin lan egiten duten elkarteek egingo duten hitzaldia, eta hirugarrena, migrazioaren gaia jorratzen duen pelikula.
Horren guztiaren atzean Hotz Legazpi dago. Errefuxiatuekiko konpromisoari jarraiki lan egiten duen boluntario taldea da.
Hiru elkarteren lana
Jon Maiztegi Hotz Legazpiko kideetako bat da, eta elkarteak sei urteko ibilbidean zehar osatu duen harreman sarean kokatu du sentsibilizazio kanpaina hori. «Euskal Herri mailan ezagunak diren Zaporeak eta SMH elkarteekin oso harreman ona daukagu, eta elkarlanean egiten dugu lan, haiek egindako eskaerei erantzunez». Hiritarron Harrera Sarea ere elkartu zaie kanpaina honetarako.
SMH edo Itsas Salbamendu Humanitarioak eta horrekin lan egiten duen Aita Mari itsasontziak erreskate lanak egiten ditu Mediterraneo itsasoan, eta osasun asistentzia ematen du errefuxiatuen kanpalekuetan, Grezian. Zaporeak elkarteak Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina prestatzen eta ematen die Greziako kanpaleku horietan. Eta Hiritarron Harrera Sareak bereziki Donostian egiten du lan, kalean bizi diren migratzaileekin.
Haur eta gazteei ere bai
Hiru elkarte horiek egiten duten lana erakutsita gauzatuko du Hotz Legazpik sentsibilizazio kanpaina, «eskolara ere eraman nahi duguna, haurrei eta nerabeei ere helarazi nahi diegulako elkartasunaren mezua». Horregatik, ikasle taldeak eramango dituzte erakusketara, adibidez, eta bertan dauden argazkiak ikusita inor axolagabe ez geratzea da helburua.
Baina kanpoan ateratako irudi horietan agertzen den jendearekiko elkartasuna bakarrik ez, “bertan dugun jendearekikoa ere” sustatzea da helburua. Legazpira atzerriko jende asko iristen ari dela dio Maiztegik, eta «harrera duina egin behar zaie pertsona horiei, azaleko kolorea kontuan hartu gabe». Herritarrek, orokorrean, baita haurrek eta gazteek ere, harrera egokia egiten dutela zehaztu du, «baina administrazioaren aldetik pertsona horientzako laguntza plan bat falta da, inguruko beste herri batzuetan dagoen bezala». Urretxun, Ordizian eta Beasainen egiten dituzten ekintzak jarri ditu adibide gisa.