Osinalde sariketako lehen finalistak ebatziko ditu Argi Berri Sariak, etzi
Haizea Arana, Urko Arregi, Lander Arizmendi, Asier Salcedo, Oihana Arana eta Josu Ibarguren ariko dira bertsotan. Saioaren aurretik afaria izango da elkartean bertan, 20:30ean.
Bertsolari gazteen Goierriko 51. Osinalde sariketaren lehen kanporaketa jokatuko da larunbatean, hilaren 18an, Ordiziako Argi Berri Elkartean. Bertan 25. Argi Berri Saria ere izango da jokoan. Sei bertsolari ariko dira kantuan saria irabazteko zein Gabiriako Osinalde Elkartean apirilaren 15ean jokatuko den Osinalde sariketako finalerako txartelak eskuratzeko. Saioaren aurretik afaria izango da.
Haizea Arana (Eskoriatza, 2001), Urko Arregi (Oñati, 1999), Lander Arizmendi (Ordizia, 1997), Asier Alcedo (Portugalete, 1996), Oihana Arana (Eskoriatza, 2001) eta Josu Ibarguren (Oiartzun, 2000) bertsolari gazteek parte hartuko dute lehen kanporaketa horretan. Aurkezle lanetan Igor Eguren ordiziarra ariko da. Saioaren aurreko afaria 20:30ean izango da, 25 euroko prezioan. Afarira joateko aurrez 649 011 262 telefonora deitu behar da. Ondoren hasiko da bertso saioa, 23:00ak aldera.
Bi goierritar
Sariketaren beste bi kanporaketak Zaldibiako Osinberde Saria eta Aztiria auzoko Aztiri Saria izango dira, martxoaren 25ean eta apirilaren 1ean jokatuko direnak, hurrenez hurren. Bi goierritarrek hartuko dute parte aurtengo sariketan. Larunbatean Lander Arizmendi ordizarra ariko da bertsotan, eta Maddi Aiestaran, aldiz, (Beasain, 2001), Osinberden ariko da, hurrengo astean.
Pandemiagatik aurreko bi urteetan herri antzokietan egin zituzten saioak. Iaz, Osinalde saria elkartean izan zen, baina Ordiziakoa, Zaldibiakoa eta Aztiriako sariketak antzokietan izan ziren. Aurten elkarteetara itzuliko dira atzera. Saio aurreko afariak ere berreskuratuko dituzte.
Iazko irabazleak
Sari bakoitzean sei bertsolari ariko dira kantuan, eta bakoitzetik bi pasako dira apirilaren 15an Gabirian izango den Osinalde sari nagusira. Iaz, Ane Zuazubiskarrek irabazi zuen Argi Berri Saria, eta bigarren izan zen Oihana Arana; Unai Izagirrek irabazi zuen Aztiri Bat saria, eta Aner Peritz izan zen bigarren; eta Xabat Illarregik irabazi zuen Osinberde saria, eta Aitor Tatiegi izan zen bigarren. Finala, Osinalde sariketa, Ane Zuazubiskarrek irabazi zuen.