Parte hartzean eragiteko nesken pilota txapelketa antolatu dute Ezkion
Bihar arratsaldean izango da nesken ligaxkako lehendabiziko partida. Haurrentzako merienda eta helduentzako pintxoak egongo dira. Finalak maiatzaren 5eko jaialdian jokatuko dira
Ezkioko pilota eskolak nesken arteko pilota txapelketa antolatu du aurten lehenengoz, Pilota Goxua Txapelketaren baitan. Pilota Goxua txapelketaren bosgarren edizioa ari dira jokatzen aurten —gaur arratsaldean da bigarren jardunaldia—. Txapelketa neskentzat eta mutilentzat irekia den arren, nesken parte hartzea oso baxua dela esan du Alex Fernandez Ezkioko pilota eskolako monitoreak, «oso neska gutxik hartu dute parte Pilota Goxua txapelketan. Azken urteetan bi bakarrik izan dira».
Hori horrela, eta nesken parte hartzea sustatzeko helburuarekin, aurten neskentzako txapelketa bat antolatzeko erabakia hartu dute. Zumarragako pilota eskolarekin harremanetan jarrita, Zumarragako bi bikotek eta Nafarroako beste bik hartuko dute parte, «Maddi Cruz-Irati Arroyo, Lur Telleria-Izar Etxezarreta, Irati-Iraide eta Janitz-Dunixek».
Ligaxka forma eman diote txapelketari eta sei partida jokatuko dituzte lau bikoteek, «ligaxkatik bi sailkatuko dira finalerako eta beste bi bigarren eta hirugarren posturako». Lehendabiziko kanporaketak bihar eta datorren ostiralean jokatuko dira, 19:00etan, Ezkioko pilotalekuan, «hirugarren eta laugarren postuak maiatzaren 1eko jaialdian eta finala Ezkioko festetan, maiatzaren 5ean», esan du Fernandezek.
Merienda giroa berotzeko
Biharko eta datorren ostiraleko kanporaketak pilota eskola amaitutakoan antolatu dituzte, «bertan jendea pilatzen delako». Bertaratutakoak nesken txapelketan gelditzeko «merienda antolatuko dugu haurrentzat eta pintxoak eta sagardoa izango dira helduentzat», aurreratu du monitoreak.
Pilota Goxua txapelketa, berriz, elite eta benjamin, aurre-benjamin eta kimuen mailan ari dira jokatzen, ostegunetan izan ohi dira partidak. «Helduen mailan 12 bikotek eman dute izena eta haurretan, guztira 54 bat bikotek». Ezkiotik ez ezik, Urretxu, Zumarraga, Segura, Idiazabal, Amezketa, Legazpi eta Lazkaoko pilotariak ere badaude. Finalerdiak maiatzaren 1ean jokatuko dituzte eta finalak, aldiz, maiatzaren 5ean.