Udal zerrenda osatzeko gutunak banatu dituzte Ezkion
Ezkio Eraikiz lantaldeak adierazi duenez, maiatzeko hauteskundeei begira herri zerrenda osatzeko pausoak ematen hasiak dira. Zerrenda Ezkioko herritar guztien artean osatzeko helburuz, gutunak banatu dituzte etxe guztietara. Gutun horretan 16 urtetik gorako herritar guztiei hamar izeneko zerrenda bat proposatzeko eskatu zaie.
Proposatutako zerrendan botoak jasotzeak «ez dakar derrigorrez udal taldeak sartzeko konpromisorik», argitu nahi izan du Joseba Telleria alkateak. Gutunak igande eguerdira arte jasoko dira udaletxean: gaur 16:00etatik 19:00etara, bihar 10:00etatik 18:00etara eta igandean, 10:00etatik 13:00etara. Hortik ateratzen den hautagaitza «Ezkio-Itsasoko Udala kudeatzeko» sortuko dela gogorarazi du alkateak.