Zerbitzuetako udal biltegi eraikinaren energia kontsumoaren %24 hornitzeko plaka fotovoltaikoak instalatu ditu udalak
Ordizia 2030 Ekintza Planak ezartzen du eraikin publikoetan kontsumitzen den %35 energia berriztagarrien bitartez sortu behar dela. Zerbitzuetako udal biltegi eraikinekoa lehen urratsa da.
Ordiziako zerbitzuetako udal biltegi eraikineko teilatu lauan plaka fotovoltaikoak jarri ditu udalak. Eraikin horren energia kontsumoaren %24 hornitzeko balio izango du instalazioak. Zehazki, 12 plaka fotovoltaiko jarri dituzte. Udaleko brigada ezberdinetako langileak egoten dira eraikinean.
Maitane Alvarez Ordiziako alkateordeak azaldu duenez, kontsumo energetikoari aurre egiteko instalazioa da, eta Ordizia 2030 Ekintza Planak jasotzen duen ekintza da. Plan horren helburuetako bat da herriko eraikin publikoetan kontsumitzen den energiaren %35 energia berriztagarrien bitartez sortu behar dela. “Bide horretan hartutako neurrietako bat da. Hau lehenengo pausoa izan da, eta gero beste eraikin publikoetan ere horrelako instalazioak jartzeko asmoa dugu”. 11.000 euroko aurrekontua izan dute zerbitzuetako udal biltegi eraikineko instalaziorako.
Inbertsioarekin aurrerantzean energia kontsumoaren gastuetan “aurrezki bat bertatik jasotzea espero” dute. Gastu ekonomikoez gain, ingurumenean eragitea ere bada helburuetako bat: “Instalazioen beste abantailetako bat da CO2 isurketa gutxiago sortzea. Herritarrek uler dezaten, 9 arbola landatzea bezala izango litzatekeena”.