Legazpiko bost katu adoptatzeko familiak behar dira
Lau Katu elkarteak egin du deialdia. Katu guztiak adopzio kontratuarekin emango dira, parasitorik gabe, antzututa, txertatua eta txiparekin.
Legazpiko Lau Katu elkarteak jakinarazi duenez, bost katu eme adoptatzeko familiak behar dira. Une honetan, hiru harrera etxetan bizi dira, behin betiko familien zan.
Bost katu horietako bi Thelma eta Louise ahizpak dira, Laubiden kaletik batera jasotakoak. 9 hilabete dituzte gutxi gorabehera, bata grisa da eta bestea beltza. Biak batera adoptatuak izatea nahi du Lau Katuk.
Venusek 20 hilabete ditu, eta beste katuekin sozializatzeko oso ona da, eta Kokok 7 hilabete ditu.Biak etxe berean bizi dira, baina banaka adoptatu daitezke,
Azkenik, 10 hilabeteko Nala dago. Lau Katuk dioenez, sinpatikoa, jostalaria, hizlaria, maitekorra eta oso lotia da.
Katu guztiak adopzio kontratuarekin emango dira, parasitorik gabe, antzututa, txertatua eta txiparekin.
Udalarekin hitzarmena
Lau Katu elkarteak hitzarmena du sinatuta udalarekin, eta horri esker, udalak 32 katu artatu ditu, 14 ar eta 18 eme. Guztiak albaitariarengana eraman dira, eta zazpi adoptatuak izan dira, 21 kaleko kolonietara itzuli dira parasitoak kendu eta antzutu ondoren, hiru hil egin ziren eta bat animaliak babesteko elkartera eraman zen.
Udaltzainburuak kudeaketa honen emaitzak ontzat eman ditu: “Lau Katu elkarteko boluntarioen bidez azken urteetan katu kolonietan egiten ari dien kontrol lanaren balantze oso positiboa egiten dugu”:
Udalak deia luzatzen die legazpiarrei, bost katu horiek adoptatzeko, harrera etxeetan lekua izatea garrantzitsua delako etorkizunean egon daitezkeen beharrei erantzuteko. Interesatuta daudenek laukatuelkartea@gmail.com helbidera mezu bat bidali dezakete, edo udalarekin harremanetan jarri.