Maddalen Iriartek Legazpi, Urretxu eta Zumarraga bisitatu ditu
EH Bilduko diputatugaiak Gogoa Mobility eta Bemendi proiektuak ezagutu ditu, eta Gipuzkoan lur industrial degradatua berraktibatzeko egin duen plana aurkeztu du. Arratsaldean herritarrekin elkartuko da, Legazpiko Azokan.
Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako Ahaldun Nagusirako hautagaia Goierri garaian dabil gaur, Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko hainbat proiektu ezagutzen. Bisita, Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko alkategaiak diren Jon Altolagirrek, Aritz Elgarrestak eta Edurne Gonzalezek lagunduta egiten ari da, eta Gipuzkoako lur industrial degradatua berraktibatzeko egin duen plana aurkezteko baliatu du. Arratsaldean herritarrekin bilduko da, 18:00etan, Legazpiko Azokan.
Goizean, eskualdeko bi proiektu berritzaile ezagutu ditu Iriartek bisitan. Batetik, Urretxun, Gogoa Mobility, pertsonen bizi kalitatea hobetzeko exoeskeletoak diseinatu eta garatzen dituen Gipuzkoako enpresa berria, eta bestetik, Legazpin, Brinkolako Bemendi, kanpoan hazitako behiak eta larreen jasangarritasuna ardatz dituen Gaztenek Berri programako proiektua.
Beste industria mota bat
Legazpin, Sidenor lantoki zaharreko obra lanak ere ikusten izan dira EH Bilduren hautagaiak. SPRI erakundeak 90.882 metro koadroko azalera berrurbanizatzeko eta berrantolatzeko lanetan dihardu bertan.
Goierri garaia “desindustrializazioa jasan duen zonaldea eta eskualdea” dela esan du Iriartek, “industria metalurgikoaren krisialditik sekulako gainbehera izan duen eskualdea”. Horren harira, lur kutsatuei egin die aipamena, “horiek birgaitzeko eta berroneratzeko apustua” egiten dutelako, “beste erabateko industria” kokatzeko apustua, hau da, “industria teknologikoa, jasangarria sozialki, erresilientea, pertsonak erdigunean jartzen dituena, eta eskualde honetan bazter utzi den egiteko modu bati aurre egingo diona”.
Bestalde, “enpresak aritzeko modua” aldatzeko garaia badela ere esan du diputatugaiak, “enpresa eredu berritzailea aldarrikatu behar dugu, langileen parte hartzea ardatz duena eta desarraigoari aurre egingo diona, enpresek herrialdean duten errotzea handitzeko politikak eta bitartekoak jarriz”. Amaitzeko, Gipuzkoako Diputaziotik “hori horrela gertatu dadin” politikak egingo dituztela agindu du.
Eskualdeari begira
Legazpiko alkategaia den Edurne Gonzalezek, bestalde, Sidenor ohiko eremukoak eskualdeko lur degradatu bakarrak ez direla gogoratu du, eta Zumarragako Arcelor enpresarenak eta Legazpiko SFP enpresakoak aipatu ditu, horiek batuta, “35 hektareatako azalera bat dugu erabilgarri Urola Garaian”. Gipuzkoako lur industrialaren eskasiak “aukera handiak ematen dizkigu lur horiek berroneratu eta beste industria mota bat ezartzeko”. Zentzu horretan, “oso kezkaturik” agertu da Arcelorreko lurretan aldundiak eta Zumarragako Udalak ezarri nahi duten erraustegiarekin, “beste enpresa batzuk uxatuko dituela” uste dutelako.
Industriaren alorrean garapen agentziek egiten duten lana ere aldarrikatu du Gonzalezek, “eskualdez eskualde ditugun beharrak hobekien ezagutzen dituztenak” direlako. Hala, UGGASArekin batera, “Gipuzkoan sustraitutako enpresa industrial aurreratuak eta traktoreak erakartzeko ahalegina” egingo dutela agindu du, eta UGLELab I+G gunea ezartzeko eremu egokia izan daitekeela esan du, “gazteen bokazio zientifiko-teknologikoak lantzeko eta sustatzeko gune berriak” sortu ahal izateko. Gainera, bulego eta aholkularitza tekniko espezifikoa sortzea proposatzen dutela aipatu du, “enpresei produktuen dibertsifikazioan laguntzeko, produktu propioak ekoiztuko dituzten enpresak behar baititugu”. Metalurgia digital eta berdea “ipar” duen eredua bultzatuko dutela ere esan du.
Amaitzeko, arlo soziosanitarioari heldu dio, eta “behar duen bultzada emateko unea dela” esan du. UGLE, UGGASA eta bestelako eragile batzuekin elkarlanean eskualdean arlo soziosanitarioa garatzeko estrategia diseinatzea proposatzen dutela adierazi du, eta administrazioen elkarlanarekin, “arlo soziosanitarioari lotutako zerbitzuak eta hori elikatuko duen formazio eskaintza eta enpresa proiektuak” martxan jarri nahi dituztela. “Arlo soziosanitarioan ikertzen eta berritzen jarraitzea ezinbestekoa da, adimen artifizialak osasungintzan ematen dituen aukerak aztertuz eta garatuz”.