Uztalai udalekuak osatzeko, zaintza zerbitzu bat proposatu dute Legazpiko sozialistek
Uztailean bertan ezartzea nahiko lukete, "familien kontziliazioa errazteko". Legazpiko PSE-EE hasi da hauteskunde programa prestatzen, eta legazpiarren parte hartzea eskatu du.
Herriko haurrei zuzenduta uztailean gauzatzen diren Uztalai udalekuak osatzeko, zaintza zerbitzu bat ezar dezala eskatu dio Legazpiko PSE-EEk udalari, otsailaren 27an eta martxoaren 6an egindako bileretan.
Oscar Valbuena bozeramaleak azaldu duenez, iaz udaleku horietan parte hartu zuten haurren guraso batzuek hiru orduko iraupena luzatzeko eskatu zuten. Hiru ordu horiek osatzeko izango litzateke sozialistek proposatutako zaintza zerbitzua, eta Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan matrikulatutako haurrei zuzenduta egongo litzateke.
Udalak eskaera aztertzea espero dute sozialistek, zerbitzua “uztailean bertan ezarri ahal izateko”, eta horrela “familien kontziliazioa errazteko”.
Hauteskunde programaPSE-EEk, bestetik, udal hauteskundeei begirako programa prestatzeko parte hartzera animatu ditu herritarra. Programa prestatzen hasia da alderdia, eta hainbat esparrutan lan egiteko lantaldeak zehaztu ditu, “herritarren benetako kezkei erantzun errealistak, zentzudunak eta eraginkorrak emateko”.
Herritarren parte hartzea sustatzea izango da hurrengo legegintzaldirako sozialisten ardatzetako bat, baina barrutik hasi nahi dute. Hori dela eta, “Legazpiko herritarrei beren ekarpenak helarazteko deia egiten diegu”. Bi bide daude horretarako: pselegazpi@gmail.com helbide elektronikoa, eta www.socialistasguipuzcoanos.com/legazpi webguneko harremanetarako atala. Oscar Valbuena da sozialisten Legazpiko zerrendaburua.