ZHK-k urtarrilean Zeraingo alkateak egindako adierazpenei erantzun die
Zeraingo Herri Kandidaturak, pasa den urtarrilaren 26an Amaia Junquera EH Bilduko alkateak egindako adierazpenei erantzun die komunikabideei helarazitako dokumentu batean.
Zeraingo aterpetxeko eta Errementari etxeko obrek sortu dute bi alderdien arteko liskarra. ZHK-k aterpetxeko obren kontratazioa “lehiaketa publikora deitu gabe bere bezero bati zuzenean esleitu izana” leporatu dio, besteak beste, Amaia Junquera alkateari. Alkateak ustelkeria akusazio hauen aurrean “kontzientzia oso lasai” zuela erantzun zien ordu hartan.
Komunikabideetara zabaldutako dokumentuan ZHK-k berretsi du, alkateak kontrakoa dioen arren, kontratazioaren esleipen hori “udal gobernuaren oniritzirik gabe” egin zela. Hori justifikatzeko aurkeztutako txostenean “datak faltsutu” zirela ere azpimarratu du.
Errementeriko etxearen obren inguruan, “kontratazio hori egiteko eskumena duen organo bakarra udal plenoa izanik, hau aintzakotzat hartu gabe” egin zela salatu dute. Baita “126.249,10€tako faktura bat legez kanpo eta plenoan gezurra esanez” ordaindu zela ere.
Zeraingo Herri Kandidaturak bidalitako dokumentua osorik irakurri daiteke, hemen.