CAFek tranbien kontratu bana lortu du Hungarian eta Espainian
Hungariako hiriburu Budapesterako 31 tranbia unitate egingo ditu, eta Sevillako Alcala de Gudaira udalerrirako sei.
Beasaingo CAF enpresak Urbos plataformako tranbiak hornitzeko kontratu bana lortu du Hungarian eta Espainian. Guztizko zenbatekoa 100 milioi euro baino gehiagokoa da. Alde batetik, 31 unitate entregatuko dizkio BKK operadoreari Budapesten, eta, bestetik, Sevillako Alcala de Guadaira udalerrirako 6 tranbia egingo ditu.
Budapesteko tranbien ezaugarriak
Hungariarako egingo dituen 31 tranbietatik 26k bost modulu izango dituzte, eta gainerako 5eko 9 modulu. Gainera, ekipoak eta zerbitzu osagarriak ere entregatuko ditu CAFej tranbiekin batera. Bost moduluko tranbiek 34 metroko luzera eta 326 bidaiari arte garraiatzeko edukiera dute. Aldiz, bederatzi moduluko unitateek 56 metroko luzera dute eta gehienez 562 bidaiari garraia ditzakete.
Sei tranbia Andaluziara
Andaluziako Juntako Sustapen Kontseilaritzak CAFi esleitu dio Sevillako Alcala de Guadairako tranbia-sarean operatuko duten sei unitateren hornidura. Kontratuak unitateen mantentze-lanak bi urteko epean egitea eta unitate horietarako parkeko piezak hornitzea jasotzen du. Tren horietako bostek udalerri horretako sarean emango dute zerbitzua. Aldiz, seigarren unitate bat kotxe-tokietan egongo da erabilgarri Sevillako metroko 1. linearekin zerbitzu sinkronizatua eskaini ahal izateko.