Hauteskunde programarako ekarpenak jasoko ditu Idiazabalgo EH Bilduk
Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara aurkeztuko duten programa osatzeko herritarren iritzia aintzat hartu nahi du Idiazabalgo EH Bilduk. Horretarako Internet bidezko inkesta bat jarri du martxan, hala nahi duten herritar guztiek erantzun dezaten.
Prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, «Idiazabal hobetzeko ahalik eta herritar gehienen» iritziak jaso nahi ditu EH Bilduk, «denon kezkak eta denon beharrak dira garrantzizkoak herri hobe baten bidean», azpimarratu du. Idiazabali eragiten dioten hamabi arlo ezberdinetan herritarrek dituzten proposamenak ezagutu eta jaso nahi dira ariketa honen bidez.
Erantzun jendetsua
Galdetegia izaten ari den «arrakasta» azpimarratu nahi izan du EH Bilduk: «larunbatean ireki zen inkesta eta lehendabiziko egunean 110 proposamen jaso genituen», zehaztu dute. Inkesta erantzun nahi duten herritarrek ostiralera arte izango dute horretarako aukera. Ondoren, jasotako emaitzak aztertzeko herritarrak herri batzar batera deituko dituela iragarri du koalizio abertzaleak, «programari denon artean forma emateko».
Idiazabaldarrei galdetegian parte hartzeko deia egin diete.