Lander Arizmendi Osinaldeko finalean arituko da
Ordiziarra Argi Berri sariko bertsolari onena izan da, Oihana Aranarekin batera. Biak Osinalde sarirako finalera igaro dira
Lander Arizmendi ordiziarrak 25. Argi Berri saria irabazi du asteburuan. Hortaz, Gabiriako Osinalde sariko finalean izango da, apirilaren 15ean. Oihana Arana eskoriatzarra ere bertan izango da. Bera izan zen Argi Berriko beste sailkatua.
Arizmendik, Osinaldeko finalerako txartelaz gain, bertsolaririk gustukoenaren saria jaso zuen entzuleen partetik. Anton Mendizabal eskultoreak egindako Txikia oroigarria jaso zuen Alvaro De Andres Argi Berri Elkartearen presidentearen eskutik. Saioko bertsolari guztiek Lazkao Txiki zenaren pasadizoak jasotzen dituen irriz eta malkoz bi tomoak jaso zituzten Alvaro De Andresen eskutik.
Sei bertsolari aritu ziren lanean: Asier Alcedo (Portugalete), Oihana Arana (Eskoriatza), Josu Ibarguren (Oiartzun), Urko Arregi (Oñati), Haize Arana (Eskoriatza) eta Lander Arizmendi (Ordizia). Aurkezle lanetan Igor Eguren aritu zen eta bertsolariak kopletan aritzeko, Josu Albisu eta Furriela trikitilarien laguntza izan zuten. Epaile lanetan, berriz, Maite Sukia, Nikolas Zeberio eta Mikel Urteaga aritu ziren.
Elkartera itzulera
Argi Berri elkartera itzuli da sariketa, pandemiak eragindako trabak gaindituta. Mukuru bete zen elkartea. 65 lagun izan ziren afaltzen eta bertso saioa entzuten beste hogei bat lagun.