Lazkaoko festek badute irudia
Jonathan Fernandez lazkaotarrak diseinatu du kartela, herriko plazan girotua.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2023/03/388199.jpg)
Aurtengo San Prudentzio jaien ezaugarria Jonathan Fernandezek egindako irudia izango da. Udalak gaur jakinarazi du marrazki lehiaketaren emaitza. Fernandez lazkaotarrak aurkeztutako Herriko plaza, jaien bihotza lanak irabazi du.
Lazkaorekin identifika litezkeen hainbat osagai ditu irudiak: udaletxearen isla atzean, balkoian bandera horiarekin; bi erraldoiak, buruhandiak, eta festarekin lotutako beste zenbait irudi: txistulariak eta dantzariak, txirrindulariak, aizkolaria, danborrariak…
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2023/03/img_3817-2-500x505.jpg)
Jonathan Fernandezek egindako irudia./Hitza
“Herriko betiko jaiak irudikatu nahi izan ditut: gure erraldoiak, trikitilariak, herri kirolak… era alai batean, irribarrez eta irudi koloretsuarekin. Lazkaotarroi herriko jaiek sortzen diguten zirrara transmititu nahi izan dut”, azaldu du Jonathan Fernadez egileak.
200 euroko saria jaso du irabazleak. Lehiaketan 13 lan jaso dituzte guztira. Festa Batzordeko kideek aho batez aukeratu dute Fernandezen lana jaiak irudikatzeko, udalak esan duenez.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2023/03/388199-500x333.jpg)
Jonathan Fernandez, 2023ko San Prudentzio jaiak iragarriko dituen irudi sarituarekin, Amagoia Naldaiz zinegotziaren eta Kepa Zubiarrain alkatearen artean. /Udala