Lazkaoko festetarako karroza eta haima eskaeren epea zabaldu dute
Apirilaren 14ra arte bete behar da eskaera-orria, udaletxean. Festa-egunean, gauean 02:00ak arte eduki ahalko da musika, beti ere bolumena kontrolatuta.
San Prudentzio jaietan, apirilaren 22an mozorrotuen eguna izango da. Festa horretan kalera karrozak, ibilgailuak edo haimak atera nahi dituenak, udaletxean izena eman beharko du. Gaur ireki dute epea, apirilaren 14ra arte. Inprimakia lazkao.eus webgunean deskarga daiteke.
Segurtasuna ziurtatzeko eta oztoporik sor ez dezaten, zenbait baldintza ere jarri ditu udalak. Karrozak, haimak eta ibilgailuak erabili ahal izateko eskaera egitea derrigorrezkoa da. Mozorroarekin zerikusia eduki beharko dute. Karpak ezingo dira erabat itxiak izan, eta bertako musikaren bolumena kontrolatu beharko dute erabiltzaileek.
Gauean, 02:00ak jarri dute musika edukitzeko ordu muga. “Inguruko bizilagunen loa errespetatze aldera, udalak berak antolatutako musika saioak gehienera 02:00ak aldera amaituko dira. Zentzuzkoa dirudi aurrez kaleko gainerako musika aparatuak itzaliak izatea. Ordu horretatik aurrera ezingo da kalean musika aparaturik erabili”, azaldu du udalak, prentsa oharrean.
Egunean zehar ere, festetako eta txosnetako egitarauan antolatutako ekitaldiak dauden bitartean musika kendu beharko da. Energia sorgailuen erabilera desegokiarekin ere kontuz ibiltzeko ohartarazi du, eta kaletik erretiratu beharko dira ateratako haima, karpa, ibilgailu eta karrozak. Adin txikikoei alkohola edatea erraztea eta haiek alkohola kontsumitzea legez debekatuta dagoela gogorarazi du udalak.