Goierrin egiteko taldeentzako eguneko ibilbideak bateratuta aurkeztu dituzte
Ibilbide gastronomikoa, burdingintzaren inguruko ibilbidea eta emakumeek egindako lana plazaratzeko ibilbidea dira egindako proposamenak. Ordiziatik kudeatuko dituzte, D'elikatuz Goierriko Interpretazio Zentrotik. "Desestazionalizazioa bilatzea" dute helburu.
Goierriko museo eta eskaintza turistikoetako enpresek, Goitur Goierriko Turismo Agentziak eta D’elikatuz Goierriko Interpretazio Zentroak elkarlanean, Goierrin egiteko taldeentzako eguneko ibilbideak aurkeztu dituzte, bateratuta. Gaur izan da aurkezpena, D’elikatuzen. 10 lagunetik gorako taldeentzako proposamenak dira. Ezaugarri ezberdinetako 3 ibilbide proposatu dituzte.
Leire Arandia D’elikatuzeko eta Erro enpresako arduradunak azaldu duenez, produktu turistikoak eskaintzen dituzten eta astean zehar zerbitzua emateko gaitasuna duten Goierriko ia enpresa guztiek egin dute bat ekimenarekin. Helburua “desestazionalizazioa bilatzea eta astean zeharreko mugimendua sustatzea” da.
Lehenengoa, ibilbide gastronomikoa da, ‘Idiazabal Lurraldean’ izenekoa, eta asteazkenetarako gomendatu dute. 10:30ean Ordizian izango dute bisitariek lehenengo geldiunea. D’elikatuz zentroan, ikus-entzunezko baten bidez Ordiziako nekazaritza-azokaren jatorria eta bilakaera azalduko dizkiete, eta ondoren azoka ikustera irtengo dira. 12:30ean, Idiazabalera abiatuko dira, Gaztaren Interpretazio Zentrora. Bukatzeko, 16:30ean Beasainen, errota bisitatuko dute eta talo tailerra egiteko aukera izango dute.
Bigarren ibilaldia, berriz, burdingintzaren bueltakoa izango da, ‘Burdinaren indarra: Goierritik mundura’ izenekoa. 10:30ean, Zerainen, Aizpeako meatze guneko labeak, galeria eta interpretazio zentroa ezagutuko dituzte. 12:30ean, Beasainera abiatuko dira, Igartzako Monumentu Multzora, eta 16:30ean, Ormaiztegiko tren zubira joango dira, bertako ondarea ezagutzera.
Azkenik, hirugarren ibilbidea ‘Emakumeak plazara’ da. Historian zehar emakumeen egindako lana plazaratu nahi dute, beraien historia eta bizipenak kontatuz. 10:30ean, Beasaingo Igartzako Monumentu Multzoan izango da bisita, Igartzako historiari lotutako emakumeen bizitza eta haien ekarpenak ezagutzeko. 12:30ean, Segurako ‘Hariz Hari, sorgindu hadi’ ibilbidea ezagutuko dute, Segurako emakumeen historia berreskuratzen duena. Eta bukatzeko, 16:30ean, Zumalakarregi Museoa bisitatuko dute, XIX. mendeko Euskal Herrian protagonista izan ziren emakumeei erreparatuz.
Kudeaketa leku bakarretik
Orain arte ere eskaini dituzte aipatutako ibilaldiak, baina berritasuna da bateratuta aurkeztu dituztela, eta herri eta enpresa ezberdinetatik kudeatu beharrean, leku bakarretik kudeatuko dira ibilbideak egiteko eskaerak: D’elikatuz Goierriko Interpretazio Zentrotik. Jubilatuen taldeentzat edota ikastetxeentzat pentsatutakoak dira, baina edozein talderentzat dago irekita. Eskaintza taldeen beharretara egokituko litzateke.
Niko Osinalde Goitur-eko zuzendariaren hitzetan, aurkeztutako produktuaren “balio erantsia” bateratze hori da, eta “taberna, komertzio eta jatetxeentzako diru iturria” izango litzateke: “Hori zentralizatuta egoteak irudi bateratua ematen du. Ekipamendu guztiak bateratzea, talde ezberdinetara egokitzea eta desestazionalizazioa egiten dugu”.