Jose Luis Elexpe 'Pelex': "Laneko erritmoa zen eta gure plazak ere girotu ditu"
'Hotsez Hots 2.0’ erakusketa jarri du ikusgai Jose Luis Elexpe ‘Pelex’ artista multidiziplinarrak (Usurbil, 1969) Ordiziako Barrena Jauregian, hilaren 31ra arte. Txalaparta oinarri, mugimendua, kolorea eta oreka landu ditu.
Jose Luis Elexpe ‘Pelex’ artista multidiziplinarrak (Usurbil, 1969) ‘Hotsez Hots 2.0’ erakusketa jarri du ikusgai Ordizian, Barrena Kultur Etxeko erakusketa aretoan. Martxoaren 31ra arte egongo da, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 19:00etara.
Txalaparta da erakusketaren gai nagusia. Zergatik?
Usurbilgoa naiz ni. Usurbilen eragin handia izan du txalapartak. Artze Anaiak oso garrantzitsuak izan ziren txalapartarenzat, eta esanahi handia du guretzat. Dokumentatu eta ikerketa bat egin nuen horren bueltan: zer den, nondik datorren, nola jo izan den, baserrietan izan duen garrantzia, sagardoa egiterakoan edota laneko atsedenaldietan. Laneko erritmoa zen eta gure plazak ere girotu ditu. Hori guztia hartuta, ba bide horretatik joan naiz.
Aurretik egindako ‘Hotsez Hots’ erakusketaren segida da.
‘Hotsez Hots’ 2008an egin nuen proiektua da. Orduko eskulturak burdinezkoak eta egurrezkoak dira, estatikoagoak. 10 urteren ondoren, bigarren parte bat egin nahi nuen, material ezberdinekin. Ni ere aldatu naiz. Oraingoan sartu ditut aluminioa, malla, zinka, gauza modernoagoak, eta batez ere kolorea, zuriari emanez protagonismoa, espazioa sortzeko. Eskulturak ere finagoak dira, mugimenduarekin, ez hain estatikoak.
Mugimendua eta kolorea dira ezaugarri nabarmenenak?
Bai. Mugimendua eta oreka esango nuke. Azkenean, airean egongo balira bezala daude. Eta kolore biziak ere bai.
Zenbat denbora eman duzu erakusketa prestatzen?
Hamar urteren buelta horretan lanak eta lanak egin ditut. Tartean beste proiektu batzuekin ibili naiz, horiek utzi gabe, baina hau pixkanaka egiten joan naiz, besteak alboratu gabe. 2010ean ‘Hotsez Hots’ bukatu nuen, Bartzelonan. Bigarren zatia 2020an atera behar nuen, baina pandemia etorri zen.
Covid-19ari erreferentzia egin diozu erakusketan.
Bai, azkenean denok geunden leher eginda, heriotza presente, gure emozioak lurretik…etxean sartuta egon ginela…covida nire ‘Hotsez hots 2.0’ prozesuan sartu zen eta atzeratu egin zuen.
Erreferentzia argia egin diozu Mikel Laboari. Zer dela eta?
Niretzat izugarria da Mikel Laboa. Hau (koadro bat erakutsiz), hil zen egunean egin nuen, haren omenez. Bai, asko gustatzen zait, izugarri. Ni hiltzean, ‘Ez nau izutzen negu hurbilak’ kanta jartzea nahi dut. Beti egon da oso presente nire erakusketetan, eta nola ez, txalapartan.
Zure estiloa islatzen du erakusketak?
Denetik egin dut. Azken boladan, hauek definitzen dute nire prozesua, oraingoa behintzat. Beltza eta zuriekin asko jokatzen dut. Oteiza zalea naiz eta hori ere markatuta geratzen da. Espazioa, zuloak, kaja metafisikoak…hutsuneak bilatzen. Zuri eta beltzak, hortik nijoa.
Beste zer edo zer daukazu esku artean?
Orain ‘Hotsez Hots 2.0’ erakusketekin nabil, baina hau zabaldu, bidean utzi eta beste gauza batzuetan nabil lanean jada. Gorputzen inguruko lan bat daukat, ‘Gorputza’ izenekoa, eta beste bat arimaren ingurukoa, kobazuloetako pinturekin lotuta. Nahiko aurreratuta daukat hori. Honekin bukatu nahi nuen besteekin beste era batera hasteko. ‘Hotsez hots 3.0’ ez dut uste egongo denik.