Mikel Azurmendik eta Maite Pedrosak 25 urte bete dituzte espetxean eta manifestazioa deitu du Sarek, ostiralerako
Arriarango Intxaurpe elkartean 'Itzulerak' izenburupean mahai ingurua egingo dute asteazkenean, eta bertso eta kirol erronka, herri bazkaria eta kantaldia antolatu dituzte larunbaterako.
Mikel Azurmendi Peñagarikano Arriarango (Beasain) auzokideak espetxealdiko 25 urte bete zituen atzo, bere bikotekide Maite Pedrosa Barrenetxeak bezala. Haien aldeko manifestazioa deitu du Sarek ostiralerako, Beasainen, Etxerako bidean, oztoporik ez! goiburupean. Plazazpitik abiatuko da protesta, 19:30ean.
Bigarren graduan sailkatuta daude 2020ko azarotik, eta Zaballan daude 2022ko apiriletik. «Baina beren etxeratze bideak oztopoz eta trabaz josia jarraitzen» duela salatu du Sarek, «erdi-askatasuna edo hirugarren graduko erregimena atzeratzen zaielako horretarako eskubidea izan arren, eta familia bizitzari berrekin ahal izateko baldintzapeko askatasunaren aukera ere atzeratzen zaie», gehitu du presoen aldeko mugimenduak.
Bi euskal presoen egoera pertsonalaren eta espetxe egoeraren berri eman du Sarek. 56 urte dituzte, eta adin txikiko alaba bat dute senide batzuekin bizi dena. Mikelen osasun egoeraz ere eman dituzte hainbat datu; pneumotorax-gertakariak ditu 2013tik, eta ebakuntzak 2013an eta 2015ean. Biek egiten dute lan-jardueraren bat espetxean, eta hirugarren graduan sailkatuta erdi-askatasuna lortzen badute lan-kontratu eskaintza bana dute kalean
Sarek jakinarazi duenez, Mikelek eta Maitek 30 urteko zigorraren laurdena 2004an bete zuten, eta zigorraren erdia 2012an; zigorraren bi herenak 2017an bete zituzten eta hiru-laurdenak 2019an. Beraz, biek zuten irteera baimenetarako eskubidea 2004tik aurrera, baina ez zuten halakorik izan. Hirugarren graduan sailkatuta egon zitezkeen biak 2012tik, baina ez zen hala izan. Eta zigorraren hiru laurdenak duela 3 urte eta erdi bete zituztenez (2019) biek; baldintzapeko askatasunean egon zitezkeen hirugarren graduan sailkatuta egon izan balira, baina hori ere ez da horrela gertatu.
Gauzak horrela, «biek ere erabat betetzen dituzte kondena amaitzeko epeak, erantzukizun zibila ordaintzeari, jokabide ona izateari eta abarri buruzko eskakizun guzti-guztiak.
Sarek uste du «garaia dela espetxeetako profesionalek eta Euskal Administrazioak erabakitasun eta ausardia gehiago izateko».
Horri lotuta, erantsi dute, «Mikelek eta Maitek ez dute lasterbiderik behar gizarteratzeko. Ez dugu eskatzen haientzat pribilegiorik edo salbuespen mesedegarririk, baina ez dezatela haiengan salbuespen kaltegarririk egin». Sarek esan bezala, «eskubidez dagokiena eskatzen dugu: berehala hirugarren graduan sailkatzea eta, ondoren, baldintzapeko askatasuna ematea».
Arriaranen, bi ekintza
Bestalde, Arriarango Intxaurpe elkartean, aste honetarako bi ekintza antolatu dituzte Mikel Azurmendiren egoera gizarteratzeko helburuz.
Asteazkenean, 18:30etik aurrera, Intxaurpe elkartean, Itzulerak izenburupean mahai ingurua egingo dute Pako Mujika, Leire Lopez eta Karlos Loidirekin.
Eta larunbatean, bertsolari eta herri kirol erronka izango da, 12:00etan hasita. Bertsotan, Aitor Sarriegi eta Iker Zubeldia; aizkoran, Iñaki Azurmendi, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi eta Xabier Dorronsoro; eta harri jasotzen, Joseba Ostolaza, Udane Ostolaza eta Imanol Royo izango dira.
14:30ean, berriz, herri bazkaria izango da. Bazkarirako txartelak, Beasaingo Azurmendi harategian salgai daude. Eta 17:30etik aurrera, Xabier Solanorekin kantaldia izango da.