Mugetako heriotzez hausnartuko dute Iparra Hegoan
Martxoaren 27tik apirilaren 2ra ospatuko da kultur astea. Mugako heriotzen errealitateaz bi hitzaldi antolatu dituzte. Urruñako eta Baionako ikasleak Seguran izango dira.
Muga, Langa, Bota, Sega izenburupean egingo dute martxoaren 27tik apirilaren 2ra 26. Iparra-Hegoa kultur astea Seguran. Aurten, Bidasoa ibaian muga pasatzeko ahaleginean bizia galdu duten migratzaileengan jarriko dute arreta, «inposatuta daukagun muga hori baita, gure ustez, heriotza horien eragilea», adierazi du Iparra-Hegoako Euri Albizuk. Izenburuak ere erreferentzia egiten du mugak eraistearen beharraz: «Muga naturalik ez dagoelako Euskal Herrian, Langa eta gezurrezko hesi guztiak ireki nahi ditugulako, Bota ditzagun bidean oztopoan jarri dizkiguten harriak eta Sega har dezagun iparraldetik eta hegoaldetik, Euskal Herria maitasunez eta nortasunez eraikitzeko».
Migratzaileen «tragediaz» hausnartzeko bi hitzaldi antolatu dituzte datorren asterako, «Harresia Bidasoan eta Euskal Herria eta migratzaileak» izenburupean. Asteazkenean, berriz, Seguran bizi diren migranteak gonbidatu dituzte Elorri elkartean egingo den sukaldaritza saiora. Sidi Mohamed Azaoui eta Garazi Hach Embarekek Saharako jakiak prestatuko dituzte eta Rquia eta Samira Aksasek, berriz, marokoarrak.
Iparra-Hegoaren helburu nagusienetako bat mugaren alde bateko zein besteko harremanak sustatu eta loturak sortzearena ere badenez, Iparraldeko eta Segurako ikasleen arteko elkarbizitza saioak ere izango dira datorren astean, «astelehenean eta asteartean Urruñako ikastolako haurrak izango ditugu bisitan eta ostegunean eta ostiralean Baionako Etxepare Lizeoko gazteak», zehaztu du Albizuk. Elkarren arteko bizikidetza sustatzeko makina bat ekintza prestatu dituzte egun horietarako.
Migranteen errealitateaz
Jai giroko ekitaldi gehienak ostegunetik aurrera antolatu dituzte eta igandean, Gereziondoko ekitaldiarekin emango diote amaiera kultur asteari. «Bidasoa etorkinen taldeko eta Irungo Harrera elkarteko kideek euren bizipenak azalduko dituzte Gereziondoko ekitaldian».
EGITARAUA:
Martxoak 27
- Egunean zehar. Urruñako ikastolako haurrak Seguran.
- 17:30. Buruhandiak.
- 19:00. Hitzaldia: Harresia Bidasoan. Alaine Aranburu (Harrera Sareko kidea) eta Alain Larrea (abokatua). Kultur etxean.
Martxoak 28
- Egunean zehar. Urruñako ikastolako haurrak Seguran.
- 15:00. Ikasleentzako dantza gidatuak karpan.
- 16:00. Txokolatea haurrentzat eta agurra.
- 19:00. Hitzaldia: Euskal Herria eta migratzaileak. Ane Urizar (Huheziko irakaslea) eta Anaitze Agirre (SOS Arrazakeria). Kultur etxean.
Martxoak 29
- 19:00. Sukaldaritza tailerra, Elorri elkartean.
Martxoak 30
- 11:00. Etxepare Lizeoko ikasleen bisita CAFera. Ondoren, bazkaria karpan.
- 17:00. Haur jolasak. 19:30. Bertso eta kantu poteoa.
- 21:30. Bertso-kantu afaria, karpan. Amets Arzallus, Maddalen Arzallus eta Iker Zubeldiarekin.
Martxoak 31
- 10:00. Etxepare Lizeoko ikasleen bisita Lazkaoko Beneditarren artxibategira. Ondoren, bazkaria karpan.
- 17:00. Haur jolasak.
- 19:00. Libertimentua ikuskizuna.
- 19:30. Arkumea burruntzian eta sagardo dastaketa. Kale animazioa Kuxkuxturekin. Iluntzean, Xutik eta Dj. Bull.
Apirilak 1
- 9:00. Mendi ibilaldia.
- Goizean zehar. Pilota partidak eta desafio musikatua.
- 14:30. Gazte bazkaria eta jolasak.
- 18:00. Manifestazioa.
- 19:00. Taloak eta Euskal Herriko garagardo dastaketa.
- Gauean. Kontrabanda eta Odei.
Apirilak 2
- 10:00. Sukalki prestaketa.
- 13:00. Euskal Herriko herrialdeen arteko lotura sinbolizatzen duen Gereziondoko ekitaldia.
- 14:30. Herri bazkaria.
- 16:00. Sukaldaritza lehiaketako sari banaketa.
- 16:30. Berbena Balantza taldearekin.