Eskualdeko turismoaren promozio kanpaina aurkeztu du Goiturrek Idiazabalen
Aste Santuko, udako eta udazkeneko kanpainak prest dituzte dagoeneko. Goiturren eta aldundiaren harreman «estua» goraipatu dute bi aldeek. Idiazabalen izan da aurkezpena gaur eguerdian.
Goitur Goierriko Turismo Agentziak aurten eskualdean egingo dituen ekintza promozionalak aurkeztu ditu Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroan. Mikel Plazaolak eta Niko Osinaldek Goiturreko presidenteak eta zuzendariak hartu dute parte aurkezpen ekitaldian, baita, Iker Goiria turismo zuzendariak ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean.
Plazaolak hartu du hitza, aurrena, gaur eguerdiko aurkezpenean. Goiturren eta aldundiaren arteko «kolaborazio estua» azpimarratu. Goierriko turismo sektoreari ere zuzendu zitzaion, «Goiturretik era xumean baina indartsu Goierriko turismoa bultzatzen» jarraituko dutela esanez. Aste Santuko, udako eta udazkenerako promozio kanpainak dagoeneko prest dituzte Goiturren.
Gastronomiarekin eta naturarekin lotuta salduko dute Goierri marka, Osinaldek aurreratu duenez. Aste Santuko kanpaina maiatza amaierara arte luzatuko da «Idiazabalgo gaztaren azoka, Ordiziako Artzai Eguna eta apirilean Goierrin ospatuko den nazioarte mailako txirrindulari klasika» barnean sartu baitituzte.
Perico Delgado Goierrin
Goierri marka azoka turistikoetan, zein kirol ekitaldien laguntza eta babeslegoan presente egongo da, «Fitur (Madril), Basquefest (Bilbo), Expovacaciones (Barakaldo), Seu d´Urgell (Lleida, Herrialde katalanak), Vic (Bartzelona) edo Inturren (Valladolid), besteak beste. Kirol ekitaldiei dagokionez, Frantziako Tourrari aipamen berezia egin dio, «Perico Delgado gonbidatu dugu Goierrira, udaberrian etorriko da eta bideo bat grabatuko dugu elkarrekin. Uztailaren 2ko etapan eskualdea aipatuko du», esan du. Gainera, «Goierriko gida eta mapa turistikoak, Basque Highlands mapa, GR 283 mapa eta Goierriko meatze guneko mapak ere argitaratu dira».
Goiriak ere Goiturren eta aldundiaren «harreman estua» azpimarratu du. Tourraz gain, Zegama-Aizkorri edo Ehunmilak bezalako probek Gipuzkoako turismoan duten garrantzia azpimarratu nahi izan du.