'Fire of Love' filma emango dute hilaren 28an Ordizian, Gnat zinema erakustaldiaren 3. edizioaren barruan
Gipuzkoako 9 herritan izango da aurten Gnat Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldia. Maitane Alvarez alkateorde eta ingurumeneko zinegotziak "ingurumenaren sentsibilizazioa lantzearen garrantzia" azpimarratu du.
Gnat Zinema Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko 3. Zinema Erakustaldiak geldialdia egingo du Ordizian aurten. Martxoaren 28an, asteartean, ‘Fire of love’ dokumentala emango dute Herri Antzokian, 19:00etan. Sarrerak doakoak izango dira. Gaur egin dute emanaldiaren eta erakustaldiaren aurkezpena D’elikatuz Goierriko Interpretazio Zentroan, Ordizian, Maitane Alvarez Ordiziako alkateorde eta ingurumen zinegotziak eta Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatuak.
Gipuzkoako 9 herritan izango da Gnat zinema erakustaldia aurten. Ordiziaz gain, Azpeitian, Eibarren, Errenterian, Mutrikun, Oñatin, Donostian, Tolosan eta Zumarragan izango dira proiekzioak. Naturarekin lotutako 11 filma proiektatuko dituzte herri horietan. Bihar hasiko da eta hilaren 30era arte iraungo du.
Maitane Alvarez alkateorde eta ingurumeneko zinegotziak “ingurumenaren sentsibilizazioa lantzearen garrantzia” azpimarratu du aurkezpenean: “Horrelako proiekzioekin hori lortu nahi da. Jendeak ikus dezan zer dagoen eta zer ibilbide egin dezakegun”. Ikastetxeetan gaur aurkeztu dute filma. Hain justu, helburua gaia bereziki haur eta gazteei gerturatzea da, Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatuaren hitzetan, “ez bakarrik informazioa emateko, natura hobeto ezagutzeko baizik”.
Maitasun istorioa sumendietan
Ordizian emango duten filma, Fire of love, Sara Dosak zuzendutakoa eta National Geographic-ek ekoitzitakoa da. Katia eta Maurice Krafft-en maitasun istorioa kontatzen du. Esploratzaileak ziren biak. Katia geokimikoa zen eta Maurice geologoa. Sumendiak gertutik filmatzeko haien bizitzak jarri zituzten arriskuan. 1970eko hamarkadan, mundu osoan zehar bidaiatu zuten sumendien erupzioak aztertzeko. Zaire, Hawaii, Indonesia, Estatu Batuak edota Japonian ibili ziren. Mauricek 16 mm-ko filma osatu zuen, eta Katiak kraterren argazkiak atera zituen.
Sara Dosak bien oharren eta idatzi pertsonalen argitaratu gabeko artxiboko materialekin zuzendu du filma. Hainbat sari jaso dit dokumentalak: DocsBarcelona 2022ko filma onenaren saria, Sundance 2022ko muntaia dokumental onenaren saria, Jonathan Oppenheim edizio saria eta SXSW 2022 Film Festival hautaketa ofiziala.