Ilarrak iritsi dira azokara
Nafarroako lehen zainzuriak ere salgai jarri dituzte fruta saltzaileek. Lore gaietan, kalak gehitu dizkiote eskaintzari.
Udaberriko lehen feriak ekarri ditu berritasun garrantzitsuak, eguraldi epela eta argiarekin batera. Azken asteetan bezala, girorik ez da falta izan, gainera, kanpotik etorritako bisitariekin. Gaur goizean, Donostiako Usandizaga institutukoak, Idiazabalgo herri eskolako eta Maizpide barnetegikoak ibili dira postuz postu galderak egiten eta erosketak egiten, plazan giro ederra jarriz. Politikariek ere gogoko izaten dute feria hau, eta gaur foru aldundirako Maddalen Iriarte EH Bilduko hautagaia ibili da erosleen artean, alderdiaren herriko ordezkariekin batera.
Bisitez gain, ilarrak ere iritsi dira gaur Ordiziako feriara. Ibarrako Montesen postuan zeuden salgai, kiloa 14 euroan. Utrillo motakoak dira, negutegi barrukoak, eta beste ekoizleek ziotenez, kanpoan hazitakoak jateko pixka bat itxoin beharko da, lorean daudelako oraindik. Babak ere ilarren parean iristen dira, baina horien aleak ere oraindik ez omen daude osatuta. Horiekin ere, itxoin egin beharko da.
Lore kontuak, aldiz, oso emankor daude, eta gaur lore berri bat jarri dute salgai, kala zuria. Sortak eginda eskaintzen zituzten Aramako Miren Jauregik eta Mutiloako Juanita Murgiondok, 4 euroan bakoitza.
Negutegirako landare eskaintza
Landare eskaintza ere zabaltzen hasita dago, eta saltzaile guztiek oraindik goiz dela esaten badute ere, hasi dira barazki berriak eskaintzen, negutegiei begira batez ere. Montesek, adibidez, kuia, kuiatxoa eta luzokerra zituen, bakoitza 0,50 euroan, baita perrexila ere, 0,10 euroan. Esther Illarramendirenean piperrak eta lekak ere bazeuden.
Aire librean aldatzekoen artean, orain tipula gorriaren garaia dela aipatu du Arantxa Iparragirrek. Bestalde, Maria Jesus Oriak baratzak ondo doazela esan du, baina lurra oraindik oso bustita dagoela nabarmendu du, eta hego haizea falta dela. Edurne Jauregik, bere aldetik, patata eta babarruna apirilean ereingo dituztela esan die erosle batzuei, haiek egindako galderei erantzunez.
Nafarroako zainzuriak
Kanpotik ere iristen hasi dira produktu berriak. Aurreko astean Granadako patata ikusi zen hainbat postutan, eta gaur, Nafarroako lehen zainzuriak jarri dituzte salgai. Clemente fruta postuko Jose Javierrek zituen bakarrik, kiloa 8,9 euroan.