Olaberrian lehenbiziko Gazte Festa asteburuan ospatuko dute
Ostiralean bertso afaria egingo dute Zubeldia, Aratz Igartzabal eta Mikel Etxezarretarekin. Larunbatean, herriko gazteen arteko herri kirol ikuskizuna, eta gauean kontzertuak.
Olaberriko Gazte Talde sortu berriak I. Gazte Festak antolatu ditu. Ostiralean eta larunbatean ospatuko dira, herriko gazteak elkartu, eta herrian dinamika pizteko helburuarekin.
Ostiralean, Pololo, Elena Madalena eta Txikipailazoen ikuskizuna antolatu dute (18:00), haurrentzat. Triki-poteoa girotuko dute gero Ane Etxezarretak eta Inge Mujikak (19:00). Bertso afaria izango da lehen eguneko plater handiena, Ihurrezaharra eraikinean (21:00). Aratz Igartzabal, Mikel Etxezarreta eta Iker Zubeldia ariko dira bertsotan.
Herri kirolak eta festa
Larunbatean, eguartea herri kirol emanaldiek hartuko dute. Lehenik, haurren artean jokoak egingo dituzte, 11:00etan. Ondoren, bi gazte talderen arteko dema izango da, 12:00etan. Talde bakoitzean 11 gazte eta kanpotik gonbidatutako aizkolari bana egongo dira, eta kirol ezberdinak egingo dituzte. Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia aizkolariak ekarriko dituzte. Poteo herrikoia egingo dute ondoren.
Iluntzean berrekingo diote festari, 18:30ean, txosna irekita. Sagardo dastaketa antolatu dute larunbat iluntzerako (19:00), eta ogitartekoak salgai jarriko dituzte, bertan afaltzeko (20:30). Elektrokela elektrotxarangak (19:30) joko du, eta gauean (23:00) Kristonak eta Trikidantz taldeek.